Zinebik aurtengo edizioko Ohorezko Mikeldi saria eman dio Margarethe von Trotta Berlingo. Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak bere 63. edizioa antolatzen du, Bilboko Udalaren eskutik, eta aktore, gidoilari eta zuzendari hau aukeratu du saria emateko. Zehazki, antolatzaileek aipatu dute bere zinemaren sendotasuna eta zintzotasuna. Gainera, beraien ustez, emakume honek 68ko Iraultzaren ondorengo Europako gizartean emakumearen ahalduntzea islatzen jakin du bere obran. Izan ere, Zinemaren Historian eragin handiena izan duen zinemagile feministetako bat da.

Rainer Werner Fassbinder edo Volver Schlöndorff bezalako zinemagileen aginduetara aktore gisa hasi zen Von Trotta. Zuzendari gisa, bere curriculum luzean “Las hermanas alemanas” (“Die bleierne Zeit”, 1981) filmagatik Veneziako Jaialdian lortutako Urrezko Lehoia eta kritikaren saria nabarmendu behar dira, baita Italiako David di Donatello sariak ere Europako Film Onenarengatik, 1982an “Las hermanas alemanas” filmagatik eta 2004an “Rosenstrasse” lanagatik. 70eko hamarkadaren amaieratik bere film luzeek lehiaketa ospetsuetan parte hartu dute, hala nola Cannes, Chicago edo Montréalekoak. Bere ibilbide zinematografikoari omenaldia egiteko Goteborg, Telluride edo Valladolideko Jaialdietan ohorezko sariak eskuratu ditu, baita 2019ko Lola - German Film Award saria ere.

Volker Schlöndorffekin batera estreinatu zen zuzendari lanetan Heinrich Böllen “El honor perdido de Katharina Blum” (“Die Verlorene Ehre der Katharina Blum”, 1985) eleberriaren egokitzapenean. Ondoren, bere ibilbidea jarraitu beharreko eredu bihurtu zen mundu osoko zinemagileentzat bere filmetako nazioarteko oihartzuna zela eta; besteak beste, “El segundo despertar de Christa Klages” (“Das Zweiter Erwachen der Christa Klages”, 1978), “Hermanas, o el equilibrio de la felicidad” (“Schwestern oder Die Balance des Glücks”, 1979), “Locura de mujer” (“Heller Wahn”, 1983) edo “Rosa Luxemburgo” (“Rosa Luxemburg”, 1986).

Film horiek guztiak mundu osoko jaialdietan ospetsuak dira eta Alemaniako zinemako aktore ahaztezinak dituzte, hala nola 2003an ZINEBIren Ohorezko Mikeldia jaso zuen Hanna Schygulla, Angela Winkler, Barbara Sukowa edo duela gutxi hildako Jutta Lampe.

Bere azken film luzea “Entendiendo a Ingmar Bergman” izeneko dokumentala da (“Auf der Suche nach Ingmar Bergmann”, Felix Moeller & Bettina Böhler, 2018), duela hiru urte ZINEBI Jaialdian proiektatua izan zena. Une honetan bere hurrengo filma prestatzen ari da, behin-behineko izenburua “Bachmann & Frisch” duena.