Urtero bezala, Azkuna Zentroak Donostiako Zinemaldiaren edizio honetan aurkeztu diren filmen hautaketa bat proiektatuko du gaurtik hasita, irailak 27, eta datorren igandera arte, urriak 3. Egun horietan zehar Zinemaldiaren azken edizioko lagin txiki bat ikusgai egongo da.

11 filmek osatuko dute aurten zikloa. Urriaren 2an eta 3an, asteburua, haurrentzako animaziozko bi film izango dira goizean euskeraz, eta bi saio arratsalde bakoitzean.

Zikloa gaur goizean aurkeztu da prentsaurreko batean, eta bertan izan dira Fernando Pérez Azkuna Zentroko Zuzendaria, José Luis Rebordinos Zinemaldiko Zuzendaria, eta Vanesa Fernandez Zinebiko Zuzendaria. Aurkezpenean Javier Marco Josefina filmaren zuzendaria eta Emma Suárez eta Roberto Álamo bere protagonistak ere izan dira. Hauek biak aurkeztuko dute filma arratsalde honetan Auditorioan.

Gainontzeko emanaldiak Golem Alhóndiga zinema aretoetan izango dira aste osoan zehar.

Fernando Pérezek programaren aurkezpenean gogorarazi duenez, hautaketa honek zuzendari ospetsuen eta zinemagintza ulertzeko modu askotako belaunaldi desberdinetako zinemagile berrien tituluak konbinatzen ditu.

Josefina (2021), Javier Marco zuzendariaren opera prima, izango da Azkuna Zentroan Zinemaldiaren astea inauguratuko duena. Emma Suárez eta Roberto Álamo protagonista dituen bakardadeari buruzko istorioa da hau.

Asteartean jarraituko du programak, Titane (2021) filmarekin. Julia Docournauren bigarren filma da hau, eta aurtengo Cannes Zinelmaldian Urrezko Palma jaso zuen.

Gainera, hiru zuzendari hasiberriren lana programatu da: Noémi Merlant aktorea, Mi iubita, mon amour (2021) ezinezko maitasun istorioarekin; Laura Wandel Un monde (2021) bullying-i buruzko film hunkigarri batekin; eta Tea Lindeburg daniarra, Du som er i himlen / As in Heaven (2021) filmarekin, 1912ko Danimarkako literatur klasiko baten egokitzapena, zailtasunak dituzten emakumeei buruzko istorio bikaina, fedearen galerari buruzkoa. Film honek Zuzendaritza Onenaren Zilarrezko Maskorra lortu du eta Flora Ofelia Hofmann Lindahl aktore protagonistak Interpretazio Onenaren Zilarrezko Maskorra.

Zuzendari beteranoen artean Laurent Cantet-en Arthur Rambo (2021) filma hautatua izan da, sare sozialen botere manipulatzaileari buruzko istorioa. Bestalde, François Ozon Azkuna Zentrora bueltatuko da Tout sést bien passé (2021) filmarekin, gaur egungo gai bat jorratzen duena: eutanasiarako eskubidea. Veneziako Zinemaldian lehiatu ondoren, Xavier Giannolik Les illusions perdues (2021) filma aurkeztu du Donostian, Balzac-en eleberri baten egokitzapena, XIX. mendeko Frantzian probintziako idazle baten igoera eta erorketa kontatzen duena.

Zikloan Marocco (2021) ere proiektatuko da, Emanuel Pârvu zuzendari eta aktorearen bigarren filma, gure ekintzek, txikiak izan arren, besteei nola eragiten dieten erakusten saiatzen dena.

Haurrek lehen aldiz gozatu ahal izango dute aurten zikloaz honako zinta hauekin:

Elfinak/The elfkins - Baking a difference (Los elfkins), Ute von Münchow-Pohl zuzendariarena, Elfieren abenturak kontatzen dituena: elfo txiki bat, Teoren lagun egiten dena, gozogile marmartia; eta Dragoiaren gidaria, Tomer Esheden zuzendariarena, Firedrake dragoi txikiaren abenturak kontatzen dituena.

Sarrerak salgai daude Golem Zinemen webgunean eta Azkuna Zentroko zinema-lehiatiletan 5 eurotan, 4 eurotan AZ txartelarekin.