Azken urteetan egindako sorkuntza lanagatik Gure Artea 2021 saria eman diote Euskal Herriko Unibertsitatean Pintura saileko irakasle den Damaris Pani. Hala, irakasleak 18.000 euroko saria jasoko du.

Damaris Pani dagokiolarik, Alicia Fernandezek, Pello Irazuk, Ion Munduatek, Mikel Onandiak eta Jone Alaitz Uriartek osatutako epaimahaiak azpimarratu du Euskal Autonomia Erkidegoan azken urteotan pinturan bizi den berpizkundearen ordezkari nagusietako bat dela. Artista bizkaitarrak lan artistikoa eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko irakaskuntza-lana uztartzen ditu, eta azken urteotan ibilbide nabarmena izan du, etengabeko bilakaeran, pintura-lanaren autonomiaren aldeko apustu argia eginez. Haren obra, epaimahaiaren arabera, "pausatua da, planoak eta koloreak gainjartzeagatik berezia,?eta umoretsua delako, itxurazko presentzia biluziaren atzean bere konplexutasun osoa ezkutatuz. Inspirazioa eguneroko bizitzan aurkitzen du eta forma geometriko indartsuz, ingeradez eta giza gorputzeko zatikiz osatutako natura hiletan zein erretratuetan lan egiten du askotariko objektuekin eta izaki fantastikoekin, baina Damaris Panek ihes egiten dio errepresentazio-asmoari, beste errealitate berrien bila ateratzeko: bertan, formak, koloreak, prozesuak eta barne-eraketak dira erabiltzen dituen osagaiak".

Damaris Panek azken erakusketetako bat izan da 'Adarrak bistara' izenekoa, 2020an BilbaoArten. "Normalean ohituta gaude itzalean eta errekonozimendurik barik lan egitera, askotan norentzat lan egiten dugun jakin gabe baina hala ere konpromiso handiarekin... bizitza osoa honen inguruan mugitzen dela. Eta norberaren lana honelako sari batekin aitortzen denean ba benetan oso pozgarria da eta oso motibagarria. Eta pertsonalki ba nik lanean jarraitzeko animo bezala ulertzen dut, jarraitzeko artetik ikertzen eta sakontzen. Eta "norberaren lana" esaten dudanean kasu honetan nirea da, baina hemen gure testuinguruan saretzen doan artista komunitatean txertatzen da nire lana eta bertan lan egiten duten artistei oso eskertua nago baita lanaren bitartez eskaintzen dizkidaten interlokuzioengatik ere", esan du artistak.

Damaris Panekin batera Gure Artea 2021 sarituak izan dira: ?Dario Urzay, ibilbide artistikoa aitortzeko kategorian, eta Peio Agirre, Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana aitortzeko kategorian.