Sestaoko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) 28.619 euro berreskuratu zituen iaz, hau da, 2024an baino % 46 gehiago. Horrela azaltzen da aste honetan argitaratutako 2025eko ekitaldiko jarduera-memorian. Sestaoko Udaleko Kontsumoko zinegotzi Jesús Amenedok ekitaldiko datu guztiak azaldu ditu prentsaurreko batean.

Aurrekoaren harira, Amenedok udal-zerbitzu honen garrantzia aipatu du: “KIUB funtsezko tresna da gure herritarrak kontsumitzaile gisa beren egunerokoan babesteko. Erreklamazio bakoitzaren atzean laguntza behar duten herritarrak daude, eta zerbitzu honek erantzun hurbila eta eraginkorra ematen die”.

Era berean, espreski aintzatetsi nahi izan du bulegoaren lana: “Zerbitzu hau kudeatzen duen teknikariari eskerrak eman nahi dizkiot eta zoriondu nahi dut bere profesionaltasuna eta arduraldia direla eta. Emaitzek erakusten dute egiten duen lan handia eta Sestaoko herritarren eskubideak defendatzearen aldeko konpromisoa”.

KIUB Behargintzako lokaletan (Txabarri kaleko 20. zk.) kokatutako udal-zerbitzua da, eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza batek finantzatzen du Kontsumobideren bidez. Helburu nagusia da Sestao udalerriko kontsumitzaileak defendatu eta babestea, eta, horretarako, informazioa, aholkuak eta bitartekaritza ematea jaso eta izapidetzen diren kontsultetan, kexetan, salaketetan eta erreklamazioetan.

Zehazki, bulegoak aholkuak ematen ditu kontsumitzaileen eskubideei eta betebeharrei buruz, bai eta auziak ebazteko bitartekaritza ere, auzi horiek ondasunak erostearen edo zerbitzuak kontratatzearen ondorioz sortu badira.

Jendeari arreta emateko ordutegia astelehenetik ostiralera bitartean zabaltzen da, 09:00etatik 14:00etara –udan 13:30era–, beraz, astean guztira 25 ordu bermatuta daude. Arretarako telefonoa (94 472 17 26) edo Udaleko webgunea erabil daitezke. Halaber, aurrez aurreko arreta jaso daiteke, aldez aurretik hitzordua eskatu gabe.

Erreklamazioak

2025ean, Sestaoko KIUBak 191 erreklamazio izapidetu zituen guztira, beraz, pasa den urtean baino % 49 gehiago. Online merkataritzan pilatu ziren erreklamazio gehienak (% 22,5), atzetik etorrita telekomunikazioen sektorea (% 16) eta ibilgailuak nahiz osagaiak erostearena (% 13). Segidan kokatu ziren bankuak eta finantza-zerbitzuak (% 12), hornidurak (% 11), aireko garraioa (% 9) eta ostalaritza (% 6).

2025. urtean, erreklamazio bakoitzeko espedienteen % 50 alde artxibatu da. Izapidetu ziren 191 espedienteetatik, 28 beste erakunde batzuei helarazi zaizkie, hala nola Kontsumobide, AESA eta Espainiako Bankua.

Era berean, Arbitraje Batzordeari bidali zaizkio sei espediente guztira. Kontsumoko Arbitraje Sistema judizioz kanpoko eta doako sistema bat da kontsumitzaileen eta enpresen arteko kontsumoko auziak eraginkortasunez eta laster ebazteko borondatezko prozedura loteslea tarteko. Sistema hori aukeratuz gero, auzia gehienez 90 eguneko epean ebatzi behar da.

Kontsultak

Bestalde, bulegoak 682 kontsulta jaso zituen, pasa den urtean baino % 89 gehiago. Dena den, 121 Kontsumobideko aplikazioaren bidez izapidetu ziren. Oraingoan ere kontsulta-kopuruaren buru izan zen telekomunikazioen sektorea (% 17), eta segidan hornidurak (% 14) eta automobilgintzaren eta osagaien arloa (% 12). Halaber, etxetresna elektrikoak saltzearekin, aireko garraioarekin, bankuekin, aseguruekin eta ehun-saltokiekin lotutako kontsultak erregistratu ziren.

Azken balorazioa

Kontsulta eta erreklamazio gehienak telekomunikazioen sektorekoak izan ziren, nagusiki, honako gai hauekin harremanetan: aitortu gabeko zorrak, adostasunik eza fakturazioan, eramangarritasunak, kobrantzak bikoiztea, kontratatu gabeko zerbitzuak eta aurretik baja emateagatiko zehapenak.

Bigarren tokian kokatu zen horniduren sektorea: zerbitzuak urri ematearen ondoriozko gorabeherak, fakturatutako zenbatekoekin eta kontsumoko irakurketekin ados ez egotea eta kontratuak aldatzea aurretik baimendu gabe.

Hirugarren tokia automobilgintzaren eta osagaien sektoreak hartu zuen. Erreklamazioek zerikusia izan zuten bigarren eskuko ibilgailuen salmentarekin, tailerretan konponketak egitean ados ez egotearekin eta ibilgailuak alokatzearekin.

Informazioa eta prestakuntza

Gainera, bulegoak informazio-lanetan jarraitu zuten Kontsumobidek bultzatutako kanpainak hedatuz honako arlo hauetan: aseguruak Black Fridayko deskontuak, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen estatutua eta kontsumoko arbitrajea.

Azkenik, zerbitzuko teknikari arduradunak bere prestakuntza indartzeari eutsi zion herritarrei arreta hobea emateko. Hala, azkeneko urtean, Kontsumobidek antolatutako bi prestakuntza-saiotan parte hartu du.