Sara Azurza abeslari donostiarrak kontzertua emango du bihar, ekainaren 24ean Chillida Lekun. Emanaldia arratsaldeko 18:30etan izango da eta 15 euroko prezioa dauka sarrerak. Musikari gazteak 17 urte zituela hasi zen oholtza gainean. Bere lehen urratsak Iker Lauroba musikariarekin egin zituen eta ondoren Charlie and The Colours, Indigo eta Tristan Crowley abeslari eta taldeekin lan egin zuen, besteak beste.

Ondoren, 2018an bere bakarkako lehen lana aurkeztu zuen: Theorein izenekoa. Euskarazko eta ingelesezko bost abestik osatzen dute diskoa. Berak idatzitako abestiak dira (Erlojuez Gainez izan ezik) eta Iker Laurobak ekoitziak. Horiek pop generora hurbiltzen dira eta oso akustikoak eta lasaiak dira. Azken bi urteetan, Sara bere estiloaren bila ibili da Bartzelona, Montreal eta Londres artean.

Abeslaria donostiarrak nazioarteko bakarlariak izan ditu erreferente bere ibilbide osoan zehar, Ameriketakoak eta baita Ingalaterrako ere. Horrenbestez, oraingoan proposamen berri batekin dator: abesti berriei 'soul' kutsu handiagoa eman baitie. Iaz, abenduaren 4an bere lehen singlea eta bideoklipa kaleratu zuen: London Weather eta orain dela hilabete batzuk apirilaren 30ean atera da bigarrena "Ez ohildu" izenekoa.

Hurrengo kontzertuak

Chillida Lekun izan ondoren, abeslari donostiarrak Jazzaldian kontzertua eskainiko du uztailaren 21ean eta uda amaieran, abuztuaren 24ean Balenciaga Museoan izango da Sara Azurza bere azken lana aurkezten.