BILBO. Asteazkenean goizean, ekainak 2, Aurrera Fest jaialdiaren bigarren edizioa aurkeztu egin dute Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Lorea Bilbaok eta Euskalduna Jauregiko negozio garapeneko zuzendari Begoña Anguisolak. Jaialdia Euskalduna Jauregian ospatuko da uztailaren 1etik 25era. Denbora horretan, 35 ikuskizun eskainiko dira guztira.

"Kultur sektorearen harrera oso ona izan da berriro ere. 35 ikuskizunek osatuko dute Euskaldunako zuzeneko kultur jardueraren agenda. Eskaintza guztia euskal artista edo/eta konpainietatik dator, eta horietatik 27 Bizkaikoak dira. Oro har, kartelak gustu guztietarako aukerak eskaintzen ditu: antzerkia, musika modernoa, dantza, bakarrizketak, magia eta musika klasikoa. Guztira, 7.955 sarrera jarriko dira salgai", azaldu du Lorea Bilbaok.

Begoña Anguisola Euskaldunako negozio garapeneko zuzendariak adierazi duenez, "kultura-sektoreak bere horretan jarrai dezan tresnak emateko egin dugun bilaketan, Bizkaiko bizitzan ezinbestekoa dela uste dugulako, bigarren urtez jarraian Aurrera Fest 2021en programazioa osatzen duten 35 ikuskizunen esku jarriko dugu gure esperientzia eta azpiegitura guztia".

Guztira, 19 kontzertu (horietako 4 musika klasikokoak), 10 antzerki-ikuskizun, 4 bakarrizketa, dantza ikuskizun bat eta magiako beste bat (familiako ikuskizuna, 6 urtetik gorakoentzat egokia) izango dira. Azpimarratu behar da kartelean euskarazko 4 ikuskizun daudela, eta programazioa anitza dela, zeinu-mintzaira duen ikuskizun inklusibo batekin, tratu txar matxisten aurrean sentsibilizatzeko beste batekin, ume/familientzako hiru ikuskizunekin€