BILBO. La Encartada Fabrika Museoak 'Barriro geurean - Back to the origins, back to the original' goiburua daraman La Encartada Moda ekimenaren seigarren edizioa jasoko du. Bertan, lurraldeko moda abangoardistena lantzen duten profesionalen hamabost lan erakutsiko dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak lan handia egiten du lurraldeko diseinatzaileekin batera, eta La Encartada Fabrika Museoan Bizkaiko abangoardia onenaren aukeraketa erakusten du, besteak beste. Aurten, moda diseinatzaileek eta osagarrien firmek batera lan egingo dute azken bildumak aurkezteko.

Alde batetik, ekainaren 19an Encartada Fabrika Museoan pasarela berezi bat antolatuko da eta bertan ikusi ahal izango dira Ifeelnuten, Inedi Design Schoolen, Julene Gregorioren, Kutxa Kulturren, Pedruscoren eta Sutanen bildumak. Desfilean zuzeneko argazki saioa egingo da gainera. 70 pertsonek in situ bizi ahal izango dute esperientzia. Sarrerak zozketatu egingo dira eta bihartik aurrera informazio guztia eskuragarri egongo da Encartada Modaren sare sozialetan. Edonola ere, La Encartadako pasarelatik igaroko diren diseinu guztiak @laencartadamoda instagrameko kontuan ikusi ahal izango dira egunean bertan zuzenean eta ikus-entzunezko modaren formatu editorialean ekainaren 25etik aurrera fabrikan.

Horrez gain, edizio honetarako lau fashion film egin dituzte ehunka urte dituen fabrika inguruko lekuetan Maitena Vegarekin, Hemen Proiektuarekin, Eder Aurrerekin eta Albec Bunsenekin. Ikus-entzunezko lan horiek La Encartada Fabrika Museoan proiektatuko dira.

Egun horretan, mahai-ingurua egingo da gai hau lantzeko, ‘Moda, merkataritza eta etika. Eta orain, zer?’ eta bertan egongo dira moda sektoreko hainbat profesional, besteak beste, Gema Gómez (Slow Fashion Next), Jon Curutchet (SKFK), Imanol Carretero (Gu·Da Eyewear) eta Mutur Beltz.

Horrez gain, etorkizunetik etorri den Nenita Danger bilbotar polifazetikoak gomendioak emango ditu eta bere bizipenak azalduko ditu. Umorea eta ironia sendagai gisa erabiliko dira.

LA ENCARTADA MODA 2021 ERAKUSKETA

Aurten, berritasun gisa, La Encartada Modak erakusketa izango du baita ere. Ekainaren 25etik uztailaren 4ra egongo da irekita eta edizio honetan parte hartuko duten diseinatzaileen lan batzuk ikusi ahal izango dira bertan. Erakusketa bakarra izango da, izan ere, lekua oso berezia da, hain zuzen ere, La Encartada Fabrika Museoa, ondare industrialeko erreferentea.

Erakusketa osatzeko fashion filmak proiektatuko dira eta La Encartada Moda 2021ean zehar pasarelan aurkeztutako lanak formatu editorialean erakutsiko dira.

Horrez gain, Andrea Box Lópezen, Laino Bilbaoren, Marga Santiagoren eta SKFKren lanak erakutsiko dira, zeintzuek beraien sorkuntza lanak instalazio formatuko espazioarekin elkarrekintzan jarriko dituzten.

XXL ARTEA LA ENCARTADA FABRIKA MUSEOAREN FATXADAN

Aldi berean, uztailaren 4ra arte Encartada museoaren fatxadan olana handiak jarriko dira diziplina askotako artisten lanak erakusteko. Beste behin ere moda eta artea ahalik eta ikusle gehienetara hurbiltzeko, La Encartada Fabrika Museoan arte galeria publiko moduan eta Itxurak/Hechuras izenburuarekin proiektuan parte hartuko duten gonbidatu bizkaitarren lanak XXL formatuan erakutsiko dira.

La Encartada Modak gonbidatutako Aimar Arriola arte komisarioak fabrikaren fatxadan garatutako esku-hartze artistikoen ekimena izango da. Bertan, hainbat belaunalditako euskal artista plastikoen eta diseinatzaileen lanak erakutsiko dira eta lankidetzaren garrantzia azpimarratuko da.

Zehazki, ekimen honetarako bereziki sortutako bikoteetan parte hartuko dute, alde batetik Carlos Díez Díez diseinatzaileak eta Karlos M. Bordoy artistak eta Alba Burgos eta Dogartzi Magunagoicoechea artista plastikoek, eta bestetik, Ismael Iglesias artistak.

Proiektu honen xedea, moda eta artearen ohiko industrien parametroetatik haratago joan eta alor materialean edo teknikoan eta irudiaren esparruan artearen eta modaren eta objektu artistikoen eta jantzien arteko askotariko gurutzatzeen berri ematea da. Gainera, ekoizpen berriko esku-hartze bisualak instalatuko dira aldi batean La Encartada Fabrika Museoko fatxadetan olanen bitartez.

Desfileak, formatu ezberdinetako instalazio artistikoak, fashion filmak, mahai-inguruak, performanceak, eta abar. La Encartada Moda hemen da berriz ere, bere jatorrian, lurraldean eta bere artistekin, eta punta-puntako diseinu propio avant-gardearen eta hurbilenekoaren orijinaltasunaren eta autentikotasunaren aldeko apustua egin du berriz ere.