Gorka, joan zara gure artetik, ia oharkabean, konturatu gabe. Duela gutxi jaso nuen zure azken testua, karpeta gotor batean bilduta. Testuarekin batera telefono deia ere izan zen, hura zer zen eta zertarako egin zenuen azaltzeko. Luze hitz egin genuen, aldian-aldian izaten genituen hitzorduei segida eman nahian, buruz burukoa debekatua baikenuen pandemiaren zioz.

Gaia, nola ez, literaturaz eta Euskaltzaindiaz joan zen. Bi-biak ziren zuretzat bizigarri eta bultzagarriak. Urte luzetan jardun zenuen Euskaltzaindiaren literatura batzordean, Joan Mari Lekuona eta gainontzeko kideekin. Orobat, Lekuonarekin Deustuko Unibertsitatean, Donostiako kanpusean. Jardun horren ondorioak izan ziren euskararen akademiarekin argitaratu zenituen liburuak, egoki zertuak eta onduak.

Euskal literatura bizi zenuen barne-barnetik. Literatura idatzia nahiz ahozko literatura. Joxe Mari Aranalde eta herri literaturaren inguruko adiskideak ere, arrotzik ez. Hain zuzen ere, horiek erakarri zuten, Karlos Otegiren zuzendaritzapean Euskaltzaindiaren Euskal Literaturaren Antologia egitasmoan partaide izatea.

Joan zatzaizkigu, Gorka, eta zurekin batera iheska doaz zure poztasuna, zure euskalduntasuna, zure euskararako joera eta grina. Itsasotik zenuen kresala eta kemena eta bizitzak mundu zabalean zehar eraman bazaitu ere, beti izan duzu zure aho-mihian Ondarroako euskara gozo, bizi eta arina. Ameriketatik ekarri zenuen euskal hiztegi aberatsa eta horrekin batera espiritu berria, zugandik hurbil izan garen guztion artean zabaltzen jakin duzuna.

Hartara, ohorezko euskaltzaina zinen eta beti aldeztu duzu Euskaltzaindiaren lana. Bazenekien lan hori belaunaldiz belaunaldi egiten dela eta izen propioen gainetik erakundeak egiten dizkiela ekarpenak euskarari eta euskal kulturari. Izan ere, hor dira zure lanak, zure testuak, atzoko eta gaurko literaturaz hitz egiten digutenak, euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz edo ingelesez.

Uste sendoak izan dituzu beti, Gorka, horrexegatik hartu itzazu behinola Ondarroan ezagutu zenuen euskaltzale honengandik goresmenak eta eskerrak. Izan bitez zure familiarentzat doluminak eta gogo biziak, gurekin beti izango baitzara.

Zauden lekuan zaudela, Gorka, ekin eta jarrai!

Andres Urrutia euskaltzainburua da

Joan zatzaizkigu, Gorka, eta zurekin batera iheska doaz zure poztasuna, zure euskalduntasuna, zure euskararako joera eta grina