BILBO. Datorren ostiralean, maiatzak 7, Idoia Asurmendik 'Ilun eta abar' izeneko bere lehenengo diskoa aurkeztuko du Bidebarrieta Kulturguneko liburutegiko ekitaldi aretoan. Ekitaldia Bidebarrieta Musical izeneko programaren barruan antolatu da. Diskoa aurkezteko, artistak bertan agertzen diren kanta batzuk abestuko ditu zuzen-zuzenean.

Artista honen kasua euskal eszenako deigarrienetako bat da. Ahoz aho eta inolako abestirik argitaratu gabe, kontzertu erakargarriak elkartzea lortu du, eta "Sarrera agortuak" kartela jarri du Jazzaldia, Chillida Leku Museoa, Donostia Festibala, Tabakalera Kultur Etxea eta beste hainbat gune ezagunetan.

Bidebarrieta Musicaleko hitzorduan bere LPko zortzi abestiak errepasatuko ditu. Hitzordu honetarako sarrerak dagoeneko salgai daude helbide honetan, 5 euroren truke.

Bidebarrieta Kulturgunea kulturari eskainitako gunea da Bidebarrietako liburutegiaren barruan. Kultura, literatura eta zientzia garatzea eta sustatzea du helburu.

SEGURTASUN NEURRIAK

Kontzertua 19:00etan hasiko da. Egungo egoeraren ondoriozko segurtasun neurriak direla eta, ekitaldi-aretoko ateak 18:15ean irekiko dira, bertaratutakoak beren aulkietan egokitu ahal izateko.

Une bakoitzean indarra duten babes eta higiene neurriak zorrotz beteko dira. Era berean, ekitaldia egiten den bitartean maskara erabili beharko da.

#BILBOUDABERRIA2021

#BilbaoUdaberria2021 udaberrian hiria aisialdi- eta kultura-planez betetzen duen udal-ekimena da, betiere higiene- eta osasun-bermeekin. Gainera, Udalak tokiko kultur eragileen lana lehenetsi du.