BILBO. Europar Zinemaren Akademiak (EFA-European Film Academy) antolatutako Europar Zinemako 2020ko Sarietarako hautagaia izango da Zinebi, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Jaialdia. Estatuko jaialdi bakarra izango da, eta Film Laburren Kategorian hartuko du parte.

Zinebi Bilboko Udalak antolatzen du, eta sariketa ospetsu horietarako jaialdi kalifikatzaileen zerrendan dago, hala nola Venezia, Berlin, Clermont-Ferrand, Locarno, Rotterdam edo Vila do Conde.

Hala, bada, Zinebi jaialdiaren 63. aldiko nazioarteko epaimahaiak (azaroaren 12tik 19ra ospatuko da) europar film laburraren saria eman beharko du (hala definitzen baitu Europar Zinemaren Akademiak, zeinetan Europar Batasuneko estatu kideak ez ezik, Europar Batasunetik kanpokoak ere badauden, esate baterako Israel eta Palestina), eta ZINEBIn sari hori lortzen duenak Europar Film Laburrik Onenaren 2022ko Sarirako hautagaitza lortuko du.

Zinebi da Estatuko jaialdi bakarra urtero-urtero EFA (European Film Awards) sarietarako hautagai izango den film labur bat hautatzen duten Europako 24 sariketen zerrendan. Horrek esan nahi du Bilboko Udalaren jaialdi honek hautatuko duela, bere atal ofizialeko parte hartzaileen artean, 2022ko EFA Sarietarako hautagai izango den film bat, Europar Film Laburren kategorian.

BESTE AKREDITAZIO ETA EZAGUPEN BATZUK

Gainera, Hollywoodeko Zinemagintzako Arteetako eta Zientzietako Akademiak Oscar sarietarako kalifikatzaile gisa onartzen du Zinebi; britaniar zinemako BAFTA sarietarako eta espainiar Goya sarietarako jaialdi kalifikatzailea da era berean.

1974tik hasi eta etenik gabe, Zinebi film laburren eta dokumentalen kategorian munduko A klaseko bost jaialdien artekotzat ezagutu izan du Zinemagintzako Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioak (FIAPF); Bilborekin batera daude, bost horien zerrendan, Tampere (Finlandia), Oberhausen (Alemania), Krakovia (Polonia) eta San Petersburgo (Errusia).

FILM LABURRETARAKO ETA LUZEETARAKO DEIALDI BAKARRA

Era berean, Zinebi Bilboko Film Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak martxoaren 15ean (astelehenean) abiaraziko du, zinemagile, ekoizle eta banatzaileentzako deialdia, jaialdiaren 63. edizioan parte hartzeko lanak helaraz ditzaten.

Jaialdiak, atal ofizialerako, hau da, Nazioarteko Film Laburren Jaialdiaren atal ofizialerako, gehienez ere 30 minutuko iraupena duten film laburrak, fikziozko filmak, animazio filmak eta film dokumentalak onartzen ditu, betiere 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera produzituak badira. Bestalde, ZIFF-ZinebiFirst Film Nazioarteko Lehiaketaren atal ofizialerako, opera prima diren film luzeak onartzen ditu, 60 minutu baino gehiagokoak, Estatuan estreinatu ez direnak eta 2021ean zehar produzituak.

Izena ematea film laburren produktoreek edo legezko ordezkariek egin behar dute, Festhome plataformaren bidez, uztailaren 25a baino lehen. Epea irailaren 12ra arte luzatuko da ZIFF-Zinebi First Film Nazioarteko Lehian parte hartu nahi duten film luzeentzat.

SARIAK

Film Laburren Nazioarteko Lehiaketaren atal ofizialean parte hartu nahi duten film laburrek honako sari hauek irabaz ditzakete:

  • Zinebiko Sari Nagusia (7.000 euro).
  • Euskal Film Labur Onenaren Sari Nagusia (6.000 euro).
  • Espainiako Film Labur Onenaren Sari Nagusia (6.000 euro).
  • Fikziozko Film Labur Onenaren Mikeldia (5.000 euro).
  • Animaziozko Film Labur Onenaren Mikeldia (5.000 euro).
  • Film Labur Dokumental Onenaren Mikeldia (5.000 euro).
  • Publikoaren EITB Saria (3.000 euro).
  • SGAE-Euskadiko Kontseilua Fundazioaren Saria Euskal Gidoirik Onenarentzat (3.000 euro).

2020an, Zinebi jaialdiak 3.525 film labur jaso zituen, 101 herrialdetatik igorriak, eta horien artean 60 izan ziren hautatuak.

ZIFF-Zinebi First Film Nazioarteko Lehiaketa Atal Ofizialean parte hartuko duten opera prima film luzeek ZIFF Sari Nagusia (12.000 euro) edota Gazte Epaimahaiaren Saria (2.000 euro) irabaz ditzakete.

Udala da Zinebi jaialdiaren antolatzailea; baina, horrez gain, badu laguntzaile sare handi bat erakundeen eta entitate pribatuen artean, hala nola: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Kultura Ministerioa Zinemagintza eta Ikus-entzunezko Arteen ICAA Institutuaren bitartez, EITB, Zineuskadi, Europa Creativa Media Desk Euskadi, Euskal Produktoreen Elkartea (EPE-APV), SGAE- Euskadiko Kontseilua Fundazioa, EHU, Euskal Gidoilarien Elkartea, FAS Zinekluba, UNICEF, Bilboko Guggenheim Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa, Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbao, Golem-Alhondiga Zinemak, eta Campos Elíseos Antzokia.