Hilabete asko darama-tzate antzokiek itxita Estatu frantsesean. Oholtzara igotzeko aukera eskertuko duzu...

—Pozik nago, Donostian eta agertoki batean kantatzeko aukera baitut. Frantzian egoera oso konplikatua da, dena itxita dago: zinemak, an-tzokiak, jatetxeak, ostatuak... Etxeratze-agindua, gainera, 18.00etan da.

Egoera gogorra artista batentzat, beraz.

—Zaila da. Egia da Estatuak lagundu egiten gaituela baina, badakizu, artistak agertoki gainean jo nahi du; horregatik, garai zailak dira gure-tzat.

Iaz kaleratu zenuen ‘Emazte’, pandemia eta konfinamenduaren atarian.

—Lehen konfinamenduaren aurretik kaleratu genuen Frantzian; beraz, ia ezinezkoa izan zen promoziorik egitea. Hilabetez bakarrik ibili ginen eta ondo joan zen. Hegoaldean, aldiz, ezin izan genuen zuzenean aurkeztu. Donostiakoa izango da aurtengo lehen kontzertua.

Zuretzat ere urte zaila izan zen iazkoa.

—Musikaren etorkizunaz pentsa-tzeko aprobetxatu dut. Urte honetan kontziente izan gara eta frogatu dugu nolakoa den kulturarik gabeko garai bat, are gehiago Fran-tzian eta musikaren alorrean. Oso zaila da orain diskoak saltzea. Halere, esango nuke, frantziar Estatuan hizkuntza txikietan egindako musikek, euskaraz edo korsikarrez, badutela tokia, txikia izan arren. Ekoiztetxeek eta komunikabideek musika hauek bereziki maite dituzte. Hemendik aurrera nola eta zer egin pentsatzen aritu naiz eta horretan jarraitzen dut.

Musikarekin erlazionaturiko beste proiektuetan murgilduko zara?

—Idazten segitzen dut. Orain, gainera, ekoizle batek dokumental batean parte hartzeko proposamena egin dit. Narrazioa egiteko proposamena egin didate, euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz. Ainaren inguruko lan bat izango da, hau da, XIX eta XX. mendean Nafarroatik eta Aragoitik Maulera espartinean lan egitera migratzen zuten emakume gazteei buruzko dokumentala. Oso istorio interesgarria da. Nahiz eta iraganeko pasartea izan, egunerokotasun handia ere badu, migrazioaz eta emakumeaz hitz egiten baitu. Zentzu horretan, dokumental batentzako musika idaztea aukera ona izan liteke oholtza gainean aritzeko aukerarik ez dugunez; horrelako burutazioak etorri izan zaizkit konfinamendu garai hauetan.

‘Emazte’ diskoarekin emakumeak omendu nahi izan dituzu.

—Iparraldean emazte, generoa definitzeko erabiltzen dugu, eta emakumek ama esan nahi du. Diskoaren izenburuarekin generoari egin nahi izan nion erreferentzia, emaztea ospatu nahi izan dut.

Zenbait abestirekin emakumeek bizi dituzten errealitate desatseginak islatu dituzu.

—Emakumeen egunerokotasuna azaldu nahi izan dut. Disko honetan, berdintasunaren garrantzia balioan jarri nahi nuen. Hori kantatzen dugu zenbait abestitan. Isilik kantuaren gaia etxeko indarkeria da; No es no, berriz, Manada auziaren ingurukoa. Ikusgarritasuna emateko asmoz, Itziar Ituñorekin grabatu genuen euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz.

Amatasunak ere garrantzia handia du lan berrian.

—Disko honetan lanean hasi nin-tzenean, ama izan berri nintzen; amatasuna izan dut inspirazio iturri. Ttipi ttapa abestian, esaterako, semearen etorkizuna imajinatu dut.

Francine Massiani abeslari korsikarrarekin ere kantatu duzu.

—Bai, Askatasunera kantuan. Ez dago emakumezko abeslari korsikar asko. “Ahizpak gara” eta “askatasunera” goazela abesten du; hori kontatzen du, hezkuntza eta hizkuntzak oso garrantzitsuak direla.

Maitasunari ere abestu diozu Luis Marianoren konposizio bat berreskuratuz.

Maite abesti ezaguna da. Emakumea kantu tristeen bitartez ospatu dugu disko honetan, baina baita alaitasuna eta esperantza gorde-tzen duten beste abesti batzuen bitartez ere.

‘Emazte’ lan feministatzat definituko zenuke?

—Ni feminista naiz eta Emazte izenburua jarri diodan heinean, diskoa ere feminista da. Berdintasuna aldarrikatu nahi izan dut. Feminismoa beharrezkoa da gizon eta emakumeen arteko oreka lortzen den momentura arte. Ez dut oreka aldatzerik nahi, ezta supremazismorik nahi. Garrantzitsua, generorik gabe epaitzea da.

Honetan ere, abesti tradizionalak, kantu berriekin uztartu dituzu.

—Hori nahi dut. Kantu tradizionalak edo zaharrak, egunen batean, berriak izan baitziren; beraz idazten segitu behar dugu eta, horrela, agian, nire kantua edo besteren batena tradizionala bihurtuko da. Errealitatea ezagun dut, kontziente naiz: errazagoa da jendea nire errepertoriora kantu zaharren bidez hurbiltzea. Gero, gure kultura gehiago ezagutzeko garrantzi-tsua da kantuak aurkeztea. Nire ustez, lagungarri ere bada ezagunak diren kantuen ondoren, gure propioak erakustea.

“2020an kontziente izan gara eta frogatu dugu nolakoa den kulturarik gabeko garai bat, are gehiago Frantzian eta musikaren alorrean”

“Errealitatea ezagun dut, kontziente naiz: errazagoa da jendea nire errepertoriora kantu zaharren bidez hurbiltzea”