BILBO. Portugaleteko Industriaren Rialia Museoak 'Bide luzea berdintasunerantz: emakumeak Euskadin XX. mendean' izeneko erakusketa jasoko du ostegun honetatik, otsailak 18, martxoaren 18ra arte. Bizkaiko Foru Aldundiak Portugaleteko Udalaren laguntzarekin sustatutako argazki-erakusketa honek 102 argazkitan biltzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko emakumeek euren eskubideak lortzeko bizi izan dituzten errealitate eta prozesuak.

Erakusketako irudiek, liburu batean ere jasota daudenek, joan den mendeko igarobide hori Europako testuinguruan kokatzen dute eta emakumeek jasaten duten desberdintasunari buruzko hausnarketa-elementu gisa jardun nahi dute.

Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak finantzatzen duen erakusketa honek 35 panel ditu.

Atal horietako bakoitzean testu bat dago, euskaraz eta gaztelaniaz, eta testuarekin lotutako irudi sorta bat. Irudi guztietan edukiaren eta irudiaren jatorriaren deskribapen laburra egiten da. Halaber, zein artxibo edo liburutegitan lortu den zehazten da, bai eta funtsa eta signatura ere, beharrezkoa den kasuetan. Amaitzeko, erabilitako bibliografia eta kreditu-panel bat daude; panel horretan erakusketaren babesleak, erakusketa egiten eta ekoizten parte hartu duten pertsonak eta irudiak eman eta utzi dizkiguten erakundeak zehazten dira.

Erakusketa ikus-entzunezko formatuan grabatuko da, ikastetxeetan ikusteko.

Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak, emakumeak ikusarazteko beharra defendatu du. "Ikus gaitzatela orain, une honetan, baina baita iraganean ere. Aitortu eta aintzatetsia izan dadila gure ekarpen osoa, hamarkadetako eta mendeetako borroka guztia", azaldu du.

Erakusketako testuak Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile talde batek egin ditu. Mikel Urquijo katedradunaren zuzendaritzapean, Maria Jose Villa ikerlariak egin ditu testuak eta irudiak hautatu ditu eta Unai Belaustegi irakasleak euskarazko testuak egin ditu.