Identifikatutako errealitate batetik hausnartu asmoz ondu du Benetan Be teatroa konpainiak bere bigarren antzezlana: Porno vs Afrodita (edo I?#gorkaurbizu). Konpainiako kideek antzeman zuten gazte eta nerabeek pornoa dutela eguneroko harreman sexu afektiboetarako erreferente nagusi. Baina, zer gertatzen da jasotako hori errealitatera eramaten denean? Zer nolako distortsio eta desfaseak sor-tzen dira? Baldarkeri horietan jarri du fokua Benetan Be konpainiak, ezintasun sexual eta afektiboak umorez jorratuz.

Hezkuntzan heziketa sexual eta afektibo falta dagoela ondorioztatu zuten Benetan Be teatroko kideek, eta hu-tsune hori Interneten asetzen dutela haur eta gazteek: "Bertan pornoa da aurkitzen dutena", azaldu du Patricia Urrutia (Bilbo, 1977) antzezlanaren egile eta aktoreak. Fikziozkoak diren harreman eredu horiek errealitatean praktikatzean sortzen diren "ondorio latzez" jabetu ziren antzerkiaren sor-tzaileak, eta hortik tiraka osatu dute taularatu berri duten obra.

Harreman sexu afektiboez hausnartzeko, umorearekin batera, puzzlea osatzeko pieza inportantea izan da musika, eta musikarien bueltan eraiki dute antzezlanaren hari narratiboa: "Soinu-proba. Azken kontzertua Gaztetxean. Gaztetxea ixtera doa. Gazteak heldu zaizkigu eta ez dago inor lekukoa hartzeko prest. Taldearen azken kontzertua ere bada. Seme-alabek, lanek, nekeak, gain hartu dute. Soinu-proba aurrera doan heinean, taldekideen eta euren inguruko ume eta gazteen bultzada, galdera eta pasioen argazki musikala, zuzeneko bideoklipa, izango dugu zentzuen aurrean. Betiere, Porno eta Afrodita jainko-jainkosa basatien begirada apetatsupean", dio obraren sinopsiak. Izan ere, musikaren presentzia erabatekoa da: dela kontakizuna garatzeko osagai gisa, dela oinarri narratiboa eraikitzeko aitzakia gisa eta dela hausnarketa bideratzeko figura zenbaiten ogibide gisa: "Musika guretzat tresna garrantzitsua izan da musikak emozioekin daukan loturagatik; musikak funtzionatzen du bai ikusleen eta antzezleen arteko komunikabide bezala, baita antzerkian dauden gazteen eta helduen arteko komunikabide bezala€ denak bat egiten du musikari esker".

Lan taldearen garrantzia

Obra prestatzeko ikerketa mardula eraman du aurrera Urrutiak: "Irakurketa ugari egin ditut, musika entzun dut, kontzertuetara joan naiz€ filosofiatik, antropologiatik, sexologiatik jaso ditut gauzak idazten hasi aurretik". An-tzezlanaren testuaren egiletza Urrutiari dagokion arren, lan kolektiboaren garrantzia azpimarratu nahi izan du: "Nik egile bezala proposamen bat egiten dut, aktoreekin eta zuzendariekin partekatu eta probatzen ditut testuak, proposatzen ditut inprobisazio batzuk eta feedback hori jasotzen da; eta gero horrek elikatzen du bueltan testua, azkenengo bertsioa osatzen dugun arte".

Prozesu horretan, Urrutiarekin oholtza partekatuko duten beste bi aktoreen ibilbide eta aurretiazko esperientziek zeresana eduki dute. Batetik, Jon Zumelaga aktoreak esperientzia du gazte eta nerabeekin; hortaz, Urrutiaren esanetan, "horrela ez dugu gazteen inguruan hitz egin haiek kontuan hartu gabe". Eta bestetik, Juanjo Oterok pelikula pornoak zuzentzen jardun izan da, eta horrek "beste ikuspuntu bat ekarri du", galderak bai baina erantzun itxirik ez ematera eraman dituena sortzaileak. Hausnartzeko bide eta zirrikituak ireki nahi dituzte, baina erantzunik gabeko emanaldia da: "Esaten duguna da, ez, bizitza erreala ez da pelikula porno bat; baina erantzun argirik ez dugu ematen, guk ere ez baititugu erantzunak". Zuzendaritzan, Pablo Ibarluzea eta Elena Olivieri aritu dira Urrutiarekin batera.

Ikerketaren emaitza antzezlanean islatzen da. Antropologiatik, filosofiatik nahiz sexologiatik eratorritako hausnarketez blaituta dago obra; gerora piezaren emaitza "umoretsua eta goxoa" den arren: "Ikuslea goxo eramaten dugu mutur batetik bestera; sortu daitezkeen minak ukatu barik, umorez". Gerora, umorearen bitartez jasotako gogoetagai beste esparru batzuetan mintzagai izan dadin bultzatu nahi dute sortzaileek.

Gizakiak, heroiak, jainkoak

Pieza ironiko, zirikatzaile eta goxoa sortu nahian antzezlanean hiru plano bereizi ditu Urrutiak. Batetik, mundu gizatiarra, naturalista: "Horiek dira azken kontzertuko soinu proba egiten ari diren bandako hiru kideak, eta laguntzen dabiltzan bi gazteak; hilkorrak dira, eta ahal duten bezala moldatzen dira bizitzan". Bigarren geruza baten jarri dituzte sortzaileek John Lennon eta Gorka Urbizu musikarien mamuak, rockstar-en arimak: "Hauek ez daude modu naturalista baten irudikatuta, clown-etik gertuago daude, heroiak edo idealizazioaren ereduak dira". Eta azkenik, Porno eta Afrodita jainko-jainkosek umorearen garraztasun gorena ordezkatzen dute: "Gizabanakoei debekatu zaien guztia egiten dute, bufoiak dira, eta antzerki hizkuntza horrek baimentzen digu sexuari eta gure ezintasunei buruz beste askatasun batekin hitz egitea". Hiru planoen uztarduran barrena murgildu nahi dituzte ikusleak Porno vs Afrodita (edo I#gorkaurbizu) lanean, sexuaren inguruko gogoeta umoretsuan barrena.

Hurrengo emanaldiak:

Urtarrilak 15, ostirala, Durangoko San Agustin Kultur Gunean 19:00etan

Urtarrilak 16, larunbata, Arrasateko Amaia Udal Antzokian 19:30ean

Urtarrilak 23, larunbata, Abadiñoko Errota Kultur Etxean

Urtarrilak 29, ostirala, Basauriko Sozial Antzokian, 19:00etan

Otsailak 5, ostirala, Zumaiako Aita Mari Antzokian 22:00etan

Otsailak 20, larunbata, Berrizko Kultur Etxean

Otsailak 24, asteazkena, Billabonako Gurea Antzokian 12:00etan