Guggenheim Bilbao Museoak 315.908 bisitari jaso ditu bukatu berri den 2020. urtean. Bisitari kopuruak behera egin du, pandemia dela eta, museoa itxita egon baitzen ia hiru hilabetez eta, ondoren, mugikortasunaren inguruko neurri murriztaileak ezarri ziren.

"Egoera gaitza" izan arren, museoko arduradunek urtearen balantze positiboa egin dute, sarean eskainitako bideo, tailer, hitzaldi eta bisiten bidez garatutako jarduera digitalek "jarraipen eta harrera itzela" izan dituztelako, eta, egoerak hala egiteko aukera eman duenean, publikoa museora bertaratu delako.

Bisitarien jatorri geografikoari erreparatuz gero, orain arteko joera irauli egin da, hau da, 2020an bisitarien gehiengoa atzerrikoa beharrean Espainiako Estatukoa izan da (%61); gainerako bisitariak (%39), besteak beste, Frantziatik (%18), Britainia Handitik (%3), Alemaniatik (%3), Italiatik (%2), Portugaletik (%1) eta AEBetatik (%1) etorritakoak izan dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) bisitariak %30 izan dira, eta Estatuko gainontzeko tokietatik etorritakoen artean, Kataluniakoak eta Madrilgoak gailendu dira, guztirako bisitarien %8 eta %7rekin, hurrenez hurren.

Museoko arduradunen arabera, bereziki garrantzitsua izan da bizkaitarren kopurua, aurreko urtean baino %50 gehiago izan baita. Guztira, 69.861 bizkaitarrek bisitatu dituzte erakusketak, 2019an baino 23.191 gehiagok. Museora bertaratutako publikoa gazteagoa izan dela ere nabarmendu dute: gazte, nerabe eta familia asko izan dira, bereziki Olafur Eliassonen erakusketa ikusten.PRESENTZIA DIGITALA

2020an zehar nabarmen areagotu da Guggenheim Bilbao Museoaren presentzia digitala, arteaz bertatik bertara gozatzeko ezintasunari nolabait aurre egite aldera, eta "emaitza oso positiboa izan da".

Udaberriko itxialdian zehar eta museoa itxita egon zen bitartean, #GuggenheimBilbaoLive ekimen digitala jarri zen abian: guztira 55 bideo, erakusketei eta museoko alde ezezagunenei buruzkoak, baita artistek eta ipuin kontalariek haurrentzat garatutako tailerren ingurukoak ere. Bideook 2,3 milioi bistaratze izan dituzte museoaren sare sozialetan, eta erabiltzaileen 90.000 interakzio ekarri dituzte.

Beste ekimen digitaletako bat #KandinskyAtzeraKontua izan da. 15 bideoko sorta bat izan da, erakusketa muntatu eta inaugurazioaren aurretik prestatu ahal izateko aretoetan, biltegian zein museoaren bulegoetan egin behar diren lanak erakutsi dituena. 1,6 milioi ikustaldi eta 44.000 interakzio izan ditu.

Gainera, museoak epe luzerako proiektu digital bat hasi zuen urrian: #GuggenheimBilbaoInsights. Hilabetean behin agertzen diren bideoen sorta bat da, eta museoko komisarioek eduki artistikoak transmititzen dituzte eta bildumako zenbait artistaren lanean sakontzen dute elkarrizketen bidez.ERAKUSKETAK

Bestalde, Guggenheim Bilbao Museoak eutsi egin dio programazio artistikoaren kalitateari. Udara luzatu zituen martxoan museoa aldi baterako itxi aurreko asteetan inauguratutako erakusketak: 'Olafur Eliasson: bizitza errealean', 'Richard Artschwager, Lygia Clark. Pintura eremu esperimental gisa, 1948-1958' eta 'William Kentridge'. Udazkenean beste bi erakusketa inauguratu ziren: 'Lee Krasner. Kolore bizia' eta 'Kandinsky'.

"Denek ere harrera eta kritika bikainak izan dituzte, eta bisitariek zeharo eskertu dute, murrizketak murrizketa, programazioa aurrera atera izana, baita bisitaldiak berme guztiekin egin ahal izateko neurriak hartu izana ere", nabarmendu dute.

Esparru digitalari dagokionez, www.guggenheim-bilbao.eus webguneak 1.981.589 bisitaldi eta bistaratutako 5.775.238 orrialde erregistratu ditu 2020an. Era berean, sare sozialetako komunitateak eta eraginak gora egiten jarraitu dute: 636.210 jarraitzaile Instagramen, 372.655 Twitterren eta 336.145 Facebooken.

Hezkuntza programei dagokienez, 2020an 44.674 pertsonak hartu dute parte museoak eskaini dituen aurrez aurreko zein sareko jardueretan, eta 217.139 pertsona izan dira arte programazioaren osagarri diren espazio didaktikoak erabili dituztenak.

Urteko berrikuntzen artean, nabarmentzekoa da tresna digitalen erabilera, aukera eman baitu edukiera mugak edo distantzia geografikoa bezalako kontuengatik museora bertaratzerik izan ez duten ikasle, familia eta bestelako publikoei hezkuntza programazioa helarazteko.

Museoa aldi baterako itxita egon zenean haurrentzako aurrez aurreko jardueren ordez sortutako 'Museoa familiartean BBKrekin' ekimen digital berritzailea nabarmendu dute arduradunek. Astero, museoak jarduera ezberdinei buruzko bideoak partekatu zituen posta elektronikoz eta sare sozialen bidez: ipuinak, bisitaldiak zein familia osoarentzako tailerrak, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.

Museoko banakako kideei dagokionez, 67.186 dira 'Community' komunitatea osatzen dutenak. Kolektiboen arabera banatuz gero, 19.640 Museoaren Lagunak dira, eta 46.736 Jarraitzaileak. Gainera, 2020an, 780 onuradun izan ditu langabezian daudenei museora doan sartzeko aukera eskaintzen dien 'Erdu' programak. Guggenheim Bilbao Museoak 2020an izan duen enpresa partaidetzari dagokionez, 114 izan dira Kide Korporatiboak.ERAGIN EKONOMIKOA

Azkenik, 2020an Guggenheim Bilbao Museoaren funtzionamenduak bere inguruan izan duen eragin ekonomikoari dagokionez, jarduerari esker EAEn sortutako eskaria 115 milioi eurokoa izan da, eta barne produktu gordinari (BPG) egindako ekarpena 101,7 milioi eurokoa. Kopuru horiei esker, EAEko ogasunek 15,7 milioi euroko diru sarrera gehigarria izan dute.

Gainera, museoaren jarduerak 2.160 enplegu mantentzen lagundu du. Bizitako urte gogorra gorabehera, Guggenheim Bilbao Museoak Europako kultur erakundeen artean buru izaten jarraitu du autofinantzaketa mailari dagokionez, eta 2020an %51koa izan da, gutxi gorabehera.