BILBO. Bilboko Juan Manuel Lunbreras arte garaikidearen galeriaren XXV. urteurrena omentzen duen erakusketa ikusgai egongo da gaurtik, abenduak 4, apirilaren 30era arte Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Aretoan.

Euskara, Kultura eta Kirol sailburu Lorea Bilbaok erakusketa bisitatu du Juan Manuel Lumbreras eta Begoña Lumbreras Darriba galeristekin batera.

Lumbreras galeriaren XXV. urteurrena omentzeko erakusketak galeria horrek bere ibilbidean zehar arte garaikidearen bueltan egindako lana aitortzen du. Kontu handiz hautatutako obrak (margolanak, eskulturak, marrazkiak, grabatuak eta argazkiak) erakutsiko dira, 60 baino gehiago, bilbotar galeriaren proiektu artistikoa errepasatzen duten artista talde batenak.

Juan Manuel Lumbreras arte galeria duela 25 urte jaio zen, gertuko inguru geografikoan artea dinamizatzeko helburuz. Xede hori integratu zen Bilbo eta metropolia kultura epizentro bilakatzeko helburu orokorrarekin. Hala, galeria sortu zen arte garaikidean zentratutako erakusketa proiektu bati forma emateko asmoz, hirurogehiko hamarkadako abangoardietatik hasi eta gaur egunera arte. Arreta berezia jarri izan zaie margolaritzari, eskulturari eta paper gaineko obrari (marrazkia eta grabatua), baina uko egin barik argazkilaritzari eta gaur egungo arteak hartzen dituen beste euskarriei.

LUMBRERAS GALERIA

1995ean, Juan Manuel Lumbreras eta Mari Jose Darriba senar-emazteek arte galeria bat ezarri zuten Bilbon, marrazkilaritzarekiko eta margolaritzarekiko zeukaten afizioak bultzatuta. Ateak itxi behar zituen erakusketa areto zahar bat alokatu eta egokitu zuten, eta berriztutako galeria inauguratu zuten hirian lehenengo aldiz aurkeztuz Manolo Valdés nazioarteko artista.

Erakusketa proiektuaren eboluzioaren ostean, galeria beste lokal batera lekualdatu zen. Hala, 1997ko urriaren 20an inauguratu zen Bilboko arte espazio berria, Bilboko alkate Josu Ortuondorekin eta Manolo Millaresekin. Milares izan zen galeriako erakusketa espazio guztiak bete zituen artista gonbidatua.

2011n Begoña Lumbreras Darriba batu zen galeriaren zuzendaritzara. Proiektuaren jarduerak, etengabe hazten zihoazenak, sortu eta zabaltzeko azken teknologiak ekarri zituen. Hartara, proiektua gaztetuz joan da, gero eta artista eta zaletu gazteagoengan jarrita fokua.

Gaur egun, galeria Bilboko zabalgunean dago, Guggenheim Museotik eta Arte Ederretako Museotik 400 metrora, eta horiekin batera hirukia osatzen du. Bi mailatan banatutako 450m2-ko azalera dauka. Artista garaikide entzutetsuen, bertako nahiz nazioarteko profesionalen eta nabarmentzen hasiak diren artisten lanak erakusteko hiru gela dituzte. Arte funtsa, biltegia eta administrazioa.