BILBO. Euskalduna Jauregiak eta Muxikebarrik Xabier Lete poeta eta musikariaren omenezko oratorio sinfoniko-korala aurkeztuko dute. 'Hesia urraturik' izeneko ekitaldiak Leteren heriotzaren hamargarren urteurrena omenduko du.

Joxan Goikoetxeak, Leteren musikari-kolaboratzaile eta lagun pertsonalak, forma musikal hau aukeratu du Oiartzungo poetaren testu eta doinu sorta arretatsua berreraikitzeko egokiena bezala; ziur asko omenduak begi onez ikusiko zukeen planteamendu eta formatu sortzaile hau.

Lorea Bilbaok, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, eta Amaia Agirrek, Getxoko alkateak 'Hesia urraturik' kontzertua aurkeztu dute Joxan Goikoetxearekin eta Xabier de Felipe orkestrako kontzertinarekin.

Oratorioak gutxi gorabehera 75 minutu irauten du, 13 zati ditu, eta bere kezka eta zalantza existentzialistak (pasioa, fedea, etsipena, aberria, nostalgia, maitasuna, elkartasuna, adiskidetzea, erredentzioa, itxaropena...) islatzen jakin zuen artista baten pentsamenduaren eta iruditeria filosofiko-estetikoaren hainbat alderdi eta etapatan sakontzera gonbidatzen du.

Joxan Goikoetxeak azaldu duenez, "Nire asmoa ez da izan, inola ere, bere ibilbide, fase eta etapen ikuspegi edo hurbilketa integrala edo osoa eskaintzea. Hori ezinezkoa da horrelako obra bakar baten, oso zabala izan arren. Lanak 13 zati izatea ere kapritxotzat har daiteke. Hasieratik argi neukan ez nuela egin nahi Leteren kantuen ber-harmonizazio garbi eta soil bat edo instrumentazio sinfonikoago bat. Xabierrek berak baztertu zuen hori. Kasu batzuetan eta normala den bezala, doinu berriak sortu ditut halakorik ez zuten testuetarako. Beste kasu batzuetan "dekonstrukzio" musikalaren teknika deitu nahi izan dudana erabili dut, lehendik zeuden testuak eta doinuak zatituz, eraldatuz eta gurutzatuz."

Proiektu hau Iñaki Tolaretxipik, Landarbaso Abesbatzako zuzendariak, bultzatu du. Abesbatza hau une honetan heldutasun eta lorpen artistiko ezin hobean murgilduta dago eta azken urte hauetan Goikoetxearekin lankidetzan jardun du.

Juanjo Ocónek Kaabestri Ensemble Orkestra eta Landarbaso Abesbatza zuzenduko ditu, eta Miren Urbieta-Vega soprano eta Beñat Egiarte tenor ospetsuak arituko dira.

'Hesia urraturik' Getxoko Muxikebarri Arte, Kultura eta Kongresu Zentroan izango da abenduaren 13an. Getxon, emanaldia ez ezik, lana Cd Audio + DVD formatuan grabatuko dute; eta urtarrilaren 9an, 19:00etan, Bilboko Euskalduna Jauregian aurkeztuko da.

Sarrerak salgai daude Euskalduna Jauregiaren webgunean eta Muxikebarriko sarrerak Kutxabanken bidez eskuratu daitezke.