Asteburu hau oso berezia izango da Izaki Gardenak taldekoentzat. Zortzi urteko ibilibidea eta bost diska atera ondoren, atsedenaldi bat hartuko dute. "Printzipioz 2021 izan behar zen atseden hartzeko, edo beste era bateko gauzetan murgiltzeko", esan du Jon Basagurenek, taldeko abeslariak. Eta Udagoieneko Ostera Hegan musika zikloak talde honetaz gozatzeko azken aukera eskainiko du. Azaroaren 27tik 29ra arte webgunean bidez (www.udagoienekoostera.eus) Bermeoko Arrantzaleen Museoa emandako kontzertua ikusteko aukera egongo da.

Udagoineko Ostera XXI. edizioaren azken kontzertua emango du Izaki Gardenak. Nolakoa izan da?

-Oso polita. Bakarka egon nintzen Bermeoko Arrantzaleen Museoan, akustikarekin. Kontzertu berezi bat, zalantzarik gabe. Azkenean bizitzan gauza ezberdinak egitea tokatzen zaigu. Edo orain arte ezagutzen ez genituenak, aukera berriak, era desberdin batean eta leku desberdinetan jotzeko.

Bermeoko Arrantzaleen Museoa bezalako lekuetan jo duzue noizbait?

-Lehenengo aldiz izan da. Streamingen bidez eman ditugu beste kontzertu batzuk baina horrelako leku batean ez. Eta era horretan, lehenengoa izan zen.

Izurriteak dena aldatu du. Eta kultura arloan ere. Kontzertu asko publiko barik dira, zer motatako sentsazioak pizten dizkizu honek?

-Ez da gauza bera. Niri gustatzen zait publikoarekin kontzertuak ematea. Udan eskaini genituen kontzertu batzuk jendea musukoarekin eta desberdina da. Are gehiago inor ez dagoenean edo kamara aurrean bakarrik gaudenean. Azkenean konektatzea lortzen duzu baina beste modu batera. Zure barnera begiratuz kontzertu bat eskain-tzea lortzen duzu. Baina ez daukazu parean norbait entzuten dagoen sentzazio hori ematen dizuna, hori galdu egiten da.

Publikoa beharrezkoa da?

-Bai, bestela komunikazioa mozten da niretzako. Nik musika uler-tzen dut publikoarekin, zuzeneko musika batez ere. Gero kontsumitu daiteke nahi duzun bezala, bideoak oso ondo daude, streaminga oso ondo dago baina badago zerbait berezia zuzeneko kontzertuetan. Eta hori ezin da ezerekin konparatu. Komunikazio momentu bat da, airean dago musika, zuk jotzen duzuna, zuk esaten duzuna eta momentu horretan norbaitengana heltzea, hori galdu egiten da. Agian oso erromantikoa da ikuspegia. Egia da, beti ezin da horrela egin. Eta ezin denean, beste era ba-tzuk aurkitu behar dira bai ala bai.

Zer galtzen da?

-Publikoa eserita eta musukorik gabe dagoenez, jendearen adierazkortasuna galdu egiten da. Ohituta gaude aurpegiak noizbehinka begiratzera ea jendea irribarrez dagoen, gozatzen, dantzatzen edo zertan ari den ikusten. Baina orain adierazpen horrek galdu egiten dira eta arraroa egiten da.

Moldatu behar duzue?

-Bai. Moldatzen gara konbentzituta gaudelako kultura segurua dela, izan daitekeela eta halaxe ari gara erakusten ekimenetan eta abar. Ezin da orain arte bezala egin jakina, baina egin, egin daiteke. Eta horren aldarrikapenean jarraitzen dugu.

Nolakoa da egungo kulturaren egoera?

-Arlo asko izan dira kaltetuenak. Beste asko bezala, kultura ere kaltetu da. Betikoa, lehentasunak beste batzuk direla oso argi geratzen da. Eta kultura ez dela ez lehentasun bat ez erditasun bat, nahiko atzean dagoela balore eskala horretan. Oso argi dago. Itxialdiaren ondoren kontzertu bat ikusteko aukera izan nuen eta ondo etorri zitzaidan animikoki. Ahal den neurrian behar dut kontzerturen bat ikusten joatea edo kultur ekimenen batera joatea. Honelakoak gure egunerokotasunetik ateratzen gaituzte, gauzak erakusten dizkigute... Nire eskalan kulturak garrantzi handia du eta aurrera egiteko lan gehiago egitea gustatuko litzaidake.

Kultura irtenbidea izan da.

-Hori da paradoja. Asko babestu gara kulturagan itxialdian geundenean. Kulturak asko babesten gaitu baina guk ez diogu itzultzen ematen digun beste.

2020 urtea ezabatu behar da?

-Ez. 2020 urtea azpimarratu behar dugu eta gauzak ikasi. Nik daukadan sentsazioa momentuan momentukoa ikasten goazela, gauza berriak bizitzen. Arazo asko lehen aldiz aurkeztu zaizkigu eta lehenengo aldiz eman diogu irtenbidea eta oraindik kostatu egingo zaigu hau guztia asimilatzea eta honetatik ikastea. Ez dezagun ahaztu. Ikasi dut epe luzeko planik ez egiten eta egunean egunekoa bizitzen. Espero dut beste era bateko gizartea ateratzea honetatik, gizartearen lehentasunak aldatzea.