BILBO. Datorren larunbatean, azaroak 28, hasi egingo da Mexikon Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azoka (FIL). Bertan, Karmele Jaio euskal idazlea izango da 'Aitaren etxea' eleberriarekin. Azoka abenduaren 6ra arte iraungo du.

Aurtengo Euskadi Literatur Saria Aitaren etxearekin irabazi duen Jaiok segida emango dio euskal egileen presentziari Guadalajaran. Kirmen Uribe, Iban Zaldua, Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Mikel Ayerbe, Anjel Lertxundi eta Juan Kruz Igerabide izan dira azken bederatzi urteetan, Etxepare Euskal Institutuaren ekimenez, FIL-era bertaratu diren idazleak.

Jaiok berak gaztelaniara itzuli eta Guadalajaran aurkeztuko duen nobelak hiru protagonista ditu: Ismael idazle blokeatua, aitaren zaintzaz arduratu behar dena; idazteari utzi dion Jasone emaztea; eta atzerrian bizi den Libe, Ismaelen arreba. Haien bidez, eleberriak gogoeta egiten du generoak guztien egunerokoan duen eraginaz, eta, bereziki, maskulinitatea eraikitzeko eta transmititzeko moduez.

Idazle gasteiztarrak programa ofizialeko 'Los lectores presentan' atalean parte hartuko du abenduaren 1ean, asteazkenarekin (12:30ean Mexikoko orduan, eta 19:30ean Euskal Herrikoan). Online saioan hiru irakurle anonimok, liburua aldez aurretik irakurri eta gero, La casa del padre (Destino/Grupo Planeta) aurkeztuko dute. Segidan, solasaldi bat egingo da idazlea eta publikoaren artean. Atal hau 2003. urtean sortu zuten irakurleei ahotsa eman eta liburu zaletasuna sustatzeko. Ordutik 70etik gora idazlek hartu dute parte programan.