BILBO. Marisa Amigok 'El misterio del cisne negro. Rara avis' izeneko bere ipuin liburu berriaren aurkezpena egingo du datorren asteko asteartean, abenduak 1, Bidebarrieta Kulturgunean.

Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotzia, eta Naiara García de Andoin, Sanfilippo Sindromea duten hiru haurren ama eta San Filippo Fundazioko kidea, izango dira topaketaren aurkezleak.

Hitzordua Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan egingo da, 19:00etan. Sartu ahal izateko, ezinbestekoa da jada eskuragarri dauden doako gonbidapen bat erresebatzea, www.bilbaokultura.eus/bidebarrietakulturgunean. Gaur egungo egoeratik eratorritako segurtasun neurriak direla eta, ekitaldi aretoko ateak 18:00etan irekiko dira, bertaratutakoak aulkietan egokitu ahal izateko.

'El misterio del cisne negro. Rara avis' liburuan, antzinako gutun bat eta hitz misteriotsuekin egindako marrazki bat - Rara avis - dira zisne beltzaren misterioa argitzen saiatzeko istorio honetako protagonistek izango dituzten aztarna bakarrak. Javier, Gabriele, María, Noam, Kirsten eta Pablo ikertzaile nekaezinak dira, eta, marrazkiaren letra bitxiei jarraituz, Bilboko Uriak ezkutuan dituen pistak eta Rara avisen misterioa gordetzen duten eliza misteriotsuenak bilatuko dituzte.

'El misterio del cisne negro. Rara avis' liburuaren autorea María Luisa Amigo Fernández de Arroyabe da. Idazlea Bilbon jaio zen eta Filosofian doktorea eta Deustuko Unibertsitateko katedradun emeritua da. Aisialdiaren eta filosofiaren inguruko hainbat liburu idatzi ditu, baita hainbat ikerketa-artikulu ere, besteak beste, Juan Ramón Jiménez poetari buruzkoak.

Azken urteotan, 'Araitz, Ixone y Unai en el parque de los patos' edo 'Platero y las palabras olvidadas' bezalako ipuinak argitaratu ditu.Duela lau urte 'Misterios en la Universidad' argitaratu zuen, 'El secreto de CAVE CANEM', eta ondoren, 'El tesoro de los sabuesos' eta 'El hallazgo de las joyas escondidas', Deustuko Unibertsitatean garatzen den trilogia. 'Piratas en el colegio' liburua ere argitaratu du.

Liburu berriaren ekintza, 'El misterio del cisne negro. Rara avis' Bilboko kale eta eliza ezagunetan girotzen da. Ipuin horiek guztiek Sanfilippo sindromea duten Bilboko haur batzuen kausa babesten dute; izan ere, egileak gaixotasun horrekin egin du lan azken urteotan.

Bidebarrieta Kulturgunea Bidebarrietako Liburutegiaren barruan dagoen gune bat da eta bere helburu nagusia liburua eta literatura garatu eta sustatzea da.

#BILBAOGABONAK

Datorren asteetako Bidebarrieta Kulturgunearen programazioa #BilbaoGabonak2020 ekimenaren barruan dago. Ekimen horrek aisialdirako eta kulturarako proposamenak biltzen ditu. Horietan ezarritako segurtasun protokolo guztiak begiratuko dira unean-unean, eta haiek kultur eta jai ekitaldiak ospatzeko emandako gomendio guztiak beteko dira, bai eta osasun publikoa bermatzeko behar diren muga guztiak ere, eta orobat espazio publikoetako gehienezko edukierari buruz emandakoak, bai aire librean egiteko jardueretan, bai ekitaldi jendetsuetan.