BILBO. Bilbok FANT Zinemaldi Fantastikoaren jaialdiaren 26. edizioa jasoko du datorren larunbatetik aurrera. Hala ere, bihar, ostirala, azaroak 6, jaialdian parte hartuko duten 10 euskal film labur proiektatuko dira jaialdiaren aurrerapen moduan.

Gaur egungo egoera sanitarioetara egokituz, 'FANT Laburrean' ataleko hamar titulu horiek on line ikusi ahal izango dira esteka honetan, - bihartik aurrera, 09:00etan - baita aurrez aurre ere, hilaren 6an, 19:00etan, Azkuna Zentroko Auditorioan egingo den saio batean.

Hasiera batean, atal hau azaroaren 7an egitea aurreikusita zegoen, baina ostiralera aurreratu da, ordutegi-murrizketak bete ahal izateko. Euskal errealizadoreen lehiaketarako film labur hauek jatorrizko bertsioan ikusi ahal izango dira, euskarazko azpitituluekin. Euskal Film labur Onenaren Epaimahaiaren Saria eskuratzeko aukera dute guztiek, 2.000 eurokoa.

Hamar titulu hauek gaur goizean aurkeztu dituzte streaming bidez, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak eta Vanesa Fernández jaialdiaren zuzendariak.

FANT LABURREAN

Hauek dira lehiaketan parte hartuko duten euskal film laburrak:

  • 'Ahí afuera', David Ontoriak zuzenduta: Valentín, azkenean kalegorrian bizitzera heltzen den arrakastarik gabeko zientzia-fikzio idazlea da. Egun batean ezusteko bisita bat jasoko du: bere irakurle eta jarraitzaile bakarrarena. Esaten dionez, gau horretan bertan bisitari intergalaktikoak jaitsiko dira. Valentínek eszeptizismorako duen eskubidea erreserbatuko du beretzat.
  • 'Un coche cualquiera', David P. Sañudok zuzendatuta: Manuelek bere kotxera sartu gura du, baina hiru makarrek eragotzi egiten diote. Egoera inork pentsatu ere ezin dituen mugetara heldu arte teinkatuko da.
  • 'Leyenda dorada', Chema García Ibarrak eta Ion de Sosak zuzenduta: Udako egun bat da Montánchezeko (Cáceres) udal-igerilekuetan. Mendi gainean, Gazteluko Kontsolamenduaren Andre Maria zelatan dago.
  • 'Love', Javier Chuecak zuzenduta: Institutuko bi ikasle gaztek musikarako gustu eta janzteko modu berberak dituzte. Euren ikaskideen eskolako jazarpena ere jasaten dute. Une jakin batean, batek besteari maite duela esatea erabakiko du, unerik txarrenean.
  • 'Moda', Imanol Ortízek zuzenduta: Bulego gris batean, langile errebelde batek ohitura berria inauguratuko du; lanera biluzik joatea.
  • 'Mugakoloreak', Oier Fuentesek zuzenduta: Beltzetik funditzen dugunetik, argiak gugan jotzen du, gure barruan lehen mailako koloretako mugako loreak haziaraziz. Mugarik muga, ispiluak galduta zirudien kukuaren kantuaren oihartzuna itzularazten duen koloreen bilaketa naturala.
  • 'Multibertsoa', Naroa Elkorok, Asier Errazkinek eta Egoitz Albisuk: Multibertsoen akats bat dago.
  • 'La operación', David P. Sañudok zuzenduta: Komedia hau honako premisa honen ingurukoa da: "Maitea, Stalinen aurpegia jarriko didate!".
  • 'Pánico en Artea', Iñaki Etxezarraga Erauzkinek: Mai eta Vanesa gasolina botatzera geldituko dira gasolindegi batean, larunbat gauean martxan irten aurretik. Baina euren bizitzak goitik behera aldatuko dituen ezustekoa gertatuko da.
  • 'Polter', Álvaro Vicariok zuzenduta: Josek, bere etxean sartuko den gertakizun paranormalari egin beharko dio aurre. Etxe barruko gertakari xume gisa hasi dena, mugarik gabeko borroka bilakatuko da. Fenomenoen atzean zein sekretu ezkutatzen den aurkitu beharko du Josek.