BILBO. Rekalde Aretoak 'Ertibil Japan' izeneko erakusketa hartuko du urriaren 12ra arte. uan Pablo Ordúñez / MawatreS eta Borja Gómez Diez artistak egindako lan hau Ertibil Bizkaia 2019 lehiaketaren sari gisa Japonian garatutako arte-egonaldien ondorioz sortu dute. Atzo, hilak 10, Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatu Lorea Bilbaok aurkeztu egin zuen erakusketa.

Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak azaldu duenez, "Ertibil Japan Kulturen trukea aberasten dauan esperientzia da, dudarik barik, eta oso tresna interesgarria da sormenaren hazkunderako. Ekimen honegaz, Foru Erakundeak artisten arteko eta kulturen arteko elkarrizketea sustatu gura izan dau, Bizkaiko talentuak beste herrialde batera bidaiatu daian, aberasteko eta barriro itzultzeko, hona, Rekalde Aretora, artetik bizi gura daben artistak merkaturatzeko plataforma honetara".

Juan Pablo Ordúñez / MawatreS Yokohamako Koganecho Art Center-en izan zen; Borja Gómez Diez, berriz, Youkobo Art Space-n, Joshibi-ko Artearen eta Diseinuaren Unibertsitatearekin lankidetzan. Tokion dauden sormen-espazio horietan bizi izan zituzten esperientzia pertsonaletan egituratuta daude Samurai Festa erakusketako obrak.

Samurai Festa/ Ertibil Japan bidez, lotu egiten dira Juan Pablo Ordúñez / MawatreSek eta Borja Gómezek nazioarteko sormen plastikoaren arloko egonaldietan garatutako proiektuaren, ikerketaren eta emaitzen ideiak.

Erakusketa hau dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak argitalpen bi editatu ditu, non jasotzen diren sortzaile bien arte-praktiken irudiak eta Iker Fidalgo eta Alberto Díez Gómezen testu batzuk.

Erakusketa 2020ko urriaren 12ra arte bisitatu ahal izango da, Bizkaiko Foru Aldundiaren Rekalde Aretoan.

Juan Pablo Ordúñez / MawatreS (Madril, 1986)

Juan Pablo Ordúñez/MawatreSek aurkeztutako proposamenak oroitzapenezko hizkuntza aztertzeko premiaren inguruko ikerketa plastiko eta teorikoarekin jarraitzen du. Monumentuaren diziplinak kontakizun hegemonikoari ematen dion balioa desegitea ez ezik, helburua oroimenaren errealitatea korala den zerbaiten antzera zeharkatzen duten bestelako modu batzuk bilatzea eta proposatzea ere bada, betiere kontakizun, esperientzia, kapitulu eta eztabaidetan oinarrituta.

Formak eta materialak eguneroko bizipenetatik ateratzen dira, monumentu-bokazioa duen marrazki-serie bat egiteko. Zementua diziplina anitzeko material gisa, zementua bakarrik, harearik gabe... Hautsean, fitxategietan, istorioetan eta oroimenaren objektuetan pilatzen den hautsa bezalakoa.

Erakusketa-proposamenaren funtsezko oinarria Rekalde Aretorako mural site-specific bat da, bertan garatutakoa. Muralak hogei metroko luzera du eta MawatreSek Japonian egindako marrazki-proiektuaren jarraitutasuna proposatzen du. ORIGAMIS-en, paperen tolesen erabateko egunerokotasunetik ateratako balizko hamabost monumentu-forma eskaintzen dira.

Borja Gómez (Sestao, 1993)

Cabeza de oro, cuerpo de fuego izenburuarekin, Borja Gómez Diezek Japonian zegoen bitartean eta egonaldiaren ostean garatutako pintura-multzo bat aurkezten du.

Tokio hiri sutsuan lanean igarotako bi hilabeteek bere jardunaren inguruko pertzepzio berri bat sorrarazi zuten artistarengan. Japoniako gizartean sakonki errotutako kolore, forma eta keinuekiko topaketak bereak zalantzan jartzera eraman zuen, zehazki, Tokioko Koenjiko lantegi txikian; bertan, material berriekin esperimentatu zuen eta, horren ondorioz, bestelako topaketak eta aurkikuntzak lortu zituen.

Rekalde Aretoko kabinetean, washi paper tradizional japoniarraren gainean olioz zein tintaz egindako zenbait pieza aurki ditzakegu, baita egoitzatik itzultzean egindako formatu handiko beste pintura batzuk ere.

JARDUERAK: ECOS#29 ERTIBIL JAPAN

Irailaren 11, ostirala, 17:00etan

ECOS #29 saioa Samurai Festa erakusketatik abiatzen da, zeinak Borja Gómez Diezen etaJuanPablo Ordúñez/MawatreSen obra erakusten duen. Oraingo honetan, Veva Linaza artistaren obra aurkeztuko da, erakusketako obrekin bat baitator.

Rekalde Aretoak berriro heldu dio aurrez aurreko formatuari; beraz, saioa atondoan izango da, datorren ostiralean, irailak 11, 17:00ean.

Irailaren 16a, asteazkena, 18:00etan

Asteazkenerako, topaketa bat antolatu da Ertibil Japan erakusketako artistekin, hau da, Borja Gómez Diezekin eta Juan Pablo Ordúñez/ MawatreSekin.

Bi jardueretarako edozeinetara joateko, ezinbestekoa da aurretik izena ematea 944068532 telefonoan edo salarekalde@bizkaia.eus helbidearen bidez; izan ere, plaza-kopurua mugatua da, bertaratutakoen segurtasuna bermatu behar baita covid-19aren ondorioz jarraitu beharreko protokoloaren bidez.