- Arturo Campionen ondoren, Jose Agerre (1889-1962) izan zen Nafarroako bigarren ordezkaria Euskaltzaindian. Aezkoako arotz baten eta Iruñeko emakume baten semea, haien etxean gaztelaniaz hitz egiten zen. Ez dago argi euskara nola ikasi zuen, baina 1913an Iruñeko EAJren Euskal Etxean eskolak emateko gai zen. 30 urte zituela izendatu zuten euskaltzain; ordurako Diario de Navarran lan egin zuen eta baita Napartarra astekaria zuzendu ere. Handik gutxira, Sevillara bidali zuten hamar urtez. Agerre 1931n itzuli zen Iruñera, EAJk sortutako Amayur aldizkariaren zuzendari izateko. La Voz de Navarra egunkariko zuzendaria izan zen, eta bere egunkaria eraso zutenean falangistek atxilotu egin zuten 36. urtean, armak eduki-tzearen salaketa faltsupean. Kartzelaratzeko atxilotu zutenean kulataz jo eta hainbat hortz kendu zizkioten; tankera horretakoak maiz sufritu zituen hurrengo urteetan zehar. Gerraren aurretik artikulugile gisa nabarmendu bazen ere, ondoren poesiarako joera garbia izan zuen. 2000. urtean Iruñeko Udalak bere poesiak argitaratu zituen, Joxemiel Bidadorrek bilduak; Pamielak argitaratutako liburuaren izenburua hauxe da: Jose Agerre Santesteban. Gerra ondoko olerki-lanak (1949-1962).