- Aurten, Musika Hamabostaldiak Xabier Lete ondo ezagutu zutenengana jo du, haren omenezko kon-tzertu bat egiteko. Antton Valverde pianistak, Joxan Goikoetxea soinujoleak, Klara Mendizabal sopranoak eta Francisco Herrero biolinistak, iragan asteazkenean, Urnietan, Hor zaude nonbait izenburupean kontzertua eskaini zuten, Lete gogoan izanik.

Nola sortu zen Hamabostaldian Xabier Leteren omenez kontzertu bat egiteko aukera?

-Musika Hamabostaldiak proposatu zigun, eta baita Klara Mendizabal sopranoarekin eta Francisco Herrero biolinistarekin aritzeko aukera ere. Horrela egin genuen. Ideia zen, batez ere, nik musikatutako Xabierren olerkiekin egitea kontzertua. Baina, ibili ibilian, gauzak aldatu egin ziren pixka bat eta pieza gehiago sartu genituen. Carlos Jimenezen kantaren bat jo genuen, baita Joxan Goikoetxearen bat ere. Ondo bukatzeko, gainera, Franz Schubert eta Richard Straussen konposizioak sartzera ausartu ginen.

Abenduan hamar urte beteko dira Lete zendu zenetik. Antton Valverdek nola definituko luke Lete?

-Esango nuke, bertso zaharren kontuarekin, 1973 edo 1974. urtean hasi ginela. Handik aurrera, akaso 150etik gora kontzertu eman genituen. Nire-tzako chollo bat zen. Oholtzara atera-tzen zenean, guztiaz arduratzen zen: aurkezpenak ere berak egiten zituen; horretarako abilezia berezia baitzuen. Lagun bezala, nik asko maite izan nuen, eta berak ere ni asko maite izan ninduen. Bestelakoan, Xabier, ez bakarrik olerkari eta abeslari bezala, pentsalari bezala ere oso interesgarria zen beti. Oso buru argia zuen aberri eta politika kontuetarako.

Hain hurbilekoak izanda, elkarlana erraza izango zen.

-Bai; gainera, ez genuen diskusio handirik izaten (barreak). Programak egiterakoan nahikoa ados egoten ginen.

Leteren obran zer nabarmenduko zenuke?

-Nahiko zabala da, eta gai asko jorratu zituen. Baina nire ustez garrantzitsuena bizitzarekiko eta heriotzarekiko zuen pentsamendua; kantuen eta ida-tzien bidez agertu zigun.

Bere heriotza gertatu zenetik hamar urte betetzen diren honetan, beste kontzerturik aurreikusten duzu?

-Dagoeneko mila gauza daude antolatuta. Kontzertu pare bat aurreikusten dira non jende askok parte hartuko dugun, bat Donostian eta beste bat Andoainen. Dokumentalen bat ere martxan dago, Joxan Goikoetxeak Oratorio izeneko obra bat prest dauka...

Hamar urte geroago Leteren legatuak badirau? Eta, etorkizunean, mantenduko dela uste duzu?

-Nik baietz esango nuke. Ezagutu genuenok, edo, gutako parte handi bat, beste aldera pasatuta egongo gara (barreak). Belaunaldi berriek ez dakit nola hartuko duten Xabier Lete; ez dakit horrenbesteko entusiasmoarekin hartuko duten, baina beti egongo da presente. Bere obra inportantea da, eta hor dago, betiko.

Hainbat lanen artean, besteen letrak musikatzen urte asko pasa dituzu. Lan hori erreza izan zaizu, ala presioa sentitu izan duzu?

-Aukeratzeko posibilitatea banu, nire letrak egingo nituzke, baina ez dut horretarako dohainik, eta horrek besteen obretara joatea behartzen nau. Hori, neurri batean, ez da oso zaila izan. Lauzpabost poeta landu ditut bereziki: Lete, Lizardi, Lauaxeta, Gandiaga... Beste 15-20ren letra solteak ere landu izan ditut.

Zure izena beste lauzpabost horiei lotuta ikusten duzu?

-Xabierren kasuan bai, dudarik gabe; baita Lauaxetaren kasuan ere. Lizardiri dagokionez, ez dakit, askok landu dute, askok musikatu dute bere poesia. Gandiagarekin ere berdintsu gertatzen da.

Zure aita, Antonio Valverde 'Ayalde' margolaria eta idazlea zen. Zer nolako eragina izan zuen aitak zuk musika ikasterako garaian?

-Gure etxean, bere influentziaz gain, giro hori bazegoen, pintura zela edo musika zela€ Aita margolaria zen, baina oso musikazalea, eta bere arreba bat Madrilgo Organo katedraduna ere izan zen.

Jesus Guridiren ikasle izan zen María Josefa Valverde, ezta?

-Hori da. Gure etxean beti egon da giro hori. Aitak bultzatu ninduen abestera. Tranpa txiki bat jarri zidan. Berak Xenpelarri buruz eman behar zuen hitzaldi baterako, lauzpabost bertso abesteko eskatu zidan, eta nik kantatu egin nituen. Horrela hasi nintzen. Erruduna, beraz, aita (barreak).

Zuen etxetik ere artista asko pasako ziren.

-Bai. Gainera, aitak familiako inprentan lan egiten zuen, eta handik artista plastiko inportanteak pasa ziren. Oraindik gogoratzen dut, Nestor Basterretxea xafla batean bere marrazki bat egiten. Jorge Oteiza ere mila aldiz pasa zen handik, baita Eduardo Chillida ere beste hamaikatxo bezala. Idazle ere izan zenez, hauen artean ere lagun asko egin zituen.

Horrek ere eragingo zizun.

-Niri eta baita gainerako anai-arrebei ere.

Zure arreba bat margolaria izan zen.

-Rosa. Bera seion artean bosgarrena zen, eta seigarrenak, Javierrek ere margotu egiten du; oso ondo, gainera. Jakina, nik anaia dut eta zer esango€ baina, nire ustez oso pintore ona da.

Zuk ere, familiako enpresan, Industrias Graficas Valverden, urte askoz lan egin zenuen. Inoiz ez al zenuen pentsatu musikara soilik dedikatzea?

-Egia esan, ez. Tentazioak izan nituen, baina beti pentsatu izan dut zaila zela. Guk daukagun merkatu txikiarekin zaila da, edo zaila zen, behintzat; pixka bat atzera jota, egon dira gaurkoa baino garai hobeak.

Zure ibilbide luzean euskal musikaren transformazio guztiaren testigu izan zara.

-Guk egiten genuen musika, eta gero, 15-20 urte geroago atera ziren musikari eta abeslariak, erabat ezberdinak ziren. Eraldaketa hori eman zen, baina hori ere behera etorri da. Gaur egun, egia esan, ez dakit non gauden, bakoi-tza bere erara...

Nola bizi izan duzu konfinamendu garaia?

-Oso ondo (barreak). Zortea izan dut, ez naiz kutsatu eta etxean egoteak ez nau ni inoiz beldurtu. Gainera, disko bat prestatzen ari nintzen eta oso ondo etorri zait denbora. Diskoa bukatu dut.

Noiz argitaratuko duzu?

-Esango nuke urrirako kaleratuko dugula.

Leteren omenez egindako diskoa al da?

-Hasieran, batez ere Xabierren kantak ziren, eta hari eskainita zegoen eta dago. Gerora, konfinamenduan gauza asko gertatu dira, eta kanta berri batzuk sartu ere ditut; diskoak beste itxura bat hartu du. Gaua izena du. Badaude gauari idatzitako Harkaitz Canoren poema batzuk eta hortik hartu dut izena.

Aurrera begira, baduzu beste lanik esku artean edo buruan?

-Konkretuki ez, baina asmoetan beti dago zerbait.

"Belaunaldi berriek ez dakit nola hartuko duten Xabier Lete; ez dakit horrenbesteko entusiasmoarekin hartuko duten, guk hartu bezala"

"Lagun bezala,

normala den bezala, nik Xabier Lete asko maite izan nuen, eta berak ere ni asko maite izan ninduen"