BILBO. Ostegunetik aurrera, abuztuak 20, eta irailaren 13ra arte, Arriaga Antzokiak 'Cruz de Navajas' izeneko Mecano taldearen musika omentzen eta aintzatesten duen ikuskizuna hartuko du. Ekimen hau #BilbaoUda2020 programaren barruan dago.

Arriaga Antzokia ardura osoz eta jasaten ari garen errealitatera egokituta itzuliko da. Horrela, ikus-entzuleek maskararekin joan beharko dute eta ezarri diren higiene eta segurtasun neurriak beteko dituzte. Gainera, Arriaga Antzokiaren edukiera murriztu da, indarrean dagoen araudiak ezartzen duena betez.

Cruz de Navajas Mecanoren musika duen ikuskizun handia da. Dena neurri handian pentsatuta eta diseinatuta dago, xehetasun txikienak ere zainduz, Mecanoren onena inoiz ikusi ez den bezala eskaintzeko, azken teknologia eta interpreteen talentu eta sentsibilitate handia uztartuz. Konbinazio horren ondorioz, musika moldaketa bakoitzarekin, ikuskizunean agertzen diren Mecanoren funtsezko 35 abestiak indartzen dira.

Elementuei dagokienez, ikuskizunak makineria eta giza baliabide handiak ditu, eszenatokiaren atzean eta gainean, gauero show onena eszenaratu ahal izateko.

EKOIZPEN LAN HANDIA

Sustatzailea eta ekoizlea Gonzalo Pérez da, Cruz de Navajas lanaren ideiaren sortzailea. Espainiako entretenimenduaren industrian erreferentea den pertsonari buruz ari gara, eta azken urteetan hainbat lan arrakastatsu egin ditu; ekoizleetako bat izan zen Billy Elliot, el musical, eta West Side Story edo Priscilla, beste batzuen artean.

Orain, Cruz de Navajas lanarekin, ziurrenez orain arte egin duen proiektu handienari ekingo dio. Izan ere, datu batzuk oso esanguratsuak dira, ikuskizun hori ekoizpen lan handi gisa kalifikatzeko orduan: Materialeko 6 trailer, 330 foku, 120 audio kanal, 40.000 watt soinu eta 30 Meyer kaxa.

Cruz de Navajas lanaren puntako teknologiaren adibide bat pantailak dira. Espainiako estatuan lehen aldiz, bereizmen handiko hainbat led pantaila garden erabiliko dira, 100 m2 baino gehiago guztira, estrukturez eta euskarriz osatutako eszenako mekanikarekin batera, eszenatokiko espazioak sortuz eta eraldatuz. Emango diren bideoak, bikainak, beren-beregi egin dira ikuskizunerako.

Musika eta dantza dira, jakina, Cruz de Navajas lanaren oinarrizko zutabeetako bi. Musika-tresna anitzekin arituko diren 10 musikarik zuzenean joko dute eta 8 abeslarik nortasuna ematen diote abesti bakoitzari. Gutxi balitz, 12 profesionalek osatutako dantza taldeak erakargarritasun bisuala ematen dio ikuskizunari. Eta guztiek maila estetiko bikaina erakutsiko dute, musika pieza bakoitzari bizia emateko egin diren 290 jantzi baino gehiagoei esker.

SARRERAK SALGAI

Cruz de Navajas ikuskizunerako sarrerak salgai dira ohiko salmenta kanaletan: Arriaga Antzokiaren webgunean eta antzokiko txarteldegietan. Sarreren prezioak 24 eta 55 euro artekoak dira eta, ohikoa denez, hainbat beherapen eta ikus-entzulearen eguna egongo dira, prezio merkeagoekin.