- Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza deialdi berri bat onartu du Gobernu Kontseiluan, euskal kultura-ondasunak katalogatzeko eta digitalizatzeko helburuarekin. Lagun-tza-lerro berri honek 350.000 euroko aurrekontua izango du.

Gauzak horrela, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak euskal kultura-ondarean beste aurrerapauso bat ematearen aldeko apustu irmoa egin du. "Dirulaguntza deialdi hau zuzenduta dago euskal kultura-ondarea osatzen duten elementuen titularrak diren pertsona fisikoei eta erakunde publiko zein pribatuei, kokapen geografikoa edozein dela ere. Pertsona edo erakunde onuradun bakoitzak bi programa aurkeztu ahal izango ditu gehienez", zehaztu dute Sailetik. Aurkezten diren kultura-ondasunen emaitza (argazki, grabatu, marrazki, kartel zein mapa digitalak) Europako Kultura Ondarearen online atarian argitaratu ahal izango da.

Hori bai, dirulaguntzak jasotzeko proposamenak hainbat irizipideren arabera baloratuko dira: bildumaren interes publikoa (40 puntu, gehienez), aurkeztutako programaren koherentzia (20 puntu, gehienez), objektu digitalen kopurua (10 puntu, gehienez), digitalizazioaren eta/edo katalogazioaren kostu unitarioa (10 puntu, gehienez), eskatzaileak proiektua finantzatzeko egin duen ekarpen ekonomikoaren ehunekoa (10 puntu, gehienez) eta, azkenik, programan genero-berdintasuna sustatzen duten elementuak sartzea eta emakumearen ikusgarritasuna (10 puntu, gehienez).

Deialdiak Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak kulturaren esparruan duen garrantziarekin bat dator, geroz eta handiagoa dena Euskadiko artxibo, liburutegi eta museoak egiten ari diren ahaleginari esker. Izan ere, digitalizazioak erabateko aldaketa ekarri du ondarea hedatzerako orduan (Euskadiko Liburutegi digitala horren eredu da). Zentzu horretan, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Lege berriak hala dio: "Mundu fisikoaren banaketa tradizionala gainditu dela eta espazio kultural digital berri bat sortu da, interkonexioak dituena artxiboak gordetzeko tresnak konpartitzeko, datuak erabiltzeko eta zabaltzeko".