BILBO. Ekainaren 17an, asteazkena, Arriaga Antzokiak bere ateak irekiko ditu berriro, koronabirusak orain dela hiru hilabete ixtera behartu eta gero. Joaquín Achúcarro izango da berrirekieraren protagonista nagusia.

Berea izango da Arriaga Antzokiak uztailaren 23ra arte eskainiko dituen 19 ikuskizunen artetik lehenengoa, bertako ukitu nabarmena izango duen denboraldiaren barruan, #BilbaoAurrera programaren barruan gauzatutako Bilboko Udalaren estrategiarekin bat etorriz. Azpimarratu behar da alderdi politiko guztiek sinatu duten programa horren helburua, COVID-19aren ondoriozko osasun krisialdiak izan dituen eraginak arintzera bideratutako neurriak bultzatzea dela, baita kulturaren alorrean ere.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea bera izan da gaur goizean udaleko alderdi politiko guztien ordezkariek osatzen d

uten Arriaga Antzokiaren Administrazio Kontseiluaren buru. Bileran, kontseilariek zehaztasunez ezagutu dute testuinguru zailari erantzuteko sortu den programazio berezia. Argi eta garbi uzten du Udalak eta Arriaga Antzokiak berak bertako sortzaileekin eta artistekin duten konpromisoa eta gure kultura sarea bultzatzeko duten asmo sendoa.

Oihala berriro altxatzeko unea heldu da, eta Arriaga Antzokiak #BilbaoUda2020 udal ekimenaren barruan egingo du uda honetan. Eta abaguneetara egokituz egingo du, beti egin duen bezala. Horretarako, Arriagara doazen pertsona guztien (ikus-entzuleak, artistak eta langileak) segurtasuna une oro bermatuko duten higiene neurrien protokoloa prestatu du. Edukiera murriztu egingo da, eta gehienez ere, aurretik esleituko diren eta antzokian zehar banatuko diren 246 besaulki jarriko dira salgai, une oro pertsonen arteko distantzia fisikoa gorde ahal izateko. Kopuru hori aldatu ahal izango da aurrerago, gertakarien eta osasun arloko agintarien aholkuen arabera. Hartutako beste neurri batzuk garbiketarekin, sarbideen antolakuntzarekin, Antzokiko seinaleekin, gune komunetatik ibiltzearekin… daude erlazionatuta.