BILBO. Bihar, hilak 28, arratsaldeko 19:00 etan, Juan Kruz Igerabide eta Karlos Linazasoro izango dira Bidebarrieta Kulturgunean, 'Idaztearen grina' izeneko hitzorduarekin.

Topaketa honetan, Gipuzkoako bi poeta horiek, duela 30 urte baino gehiagotik lagunak eta bidaideak direnak, hainbat liburu argitaratu ondoren estilo fresko bat nola mantendu daitekeen bezalako galderei erantzungo diete; idazteko orduan autoreak generoa aukeratzen badu edo, alderantziz, generoak aukeratzen badu autorea edo irakurleari idazten duenaren grina lekualdatzeko zailtasuna, beste gauza batzuen artean.

Zoom plataformaren bidez egingo den hitzaldi hau jarraitzeko, Bidebarrieta Kulturguneak gonbita bidaliko die posta elektroniko bidez Bilboko Udalak bultzatutako kultur jardueren berri emateko harpidetutako pertsonei. Harpidetuta ez egonez gero, esteka honetan egin daiteke.

Gainera, streaming bidez ikusi ahal izango kulturguneatb.eus webgunean YouTube bidez. Amaitutakoan, Bidebarrieta Kulturgunearen Facebook-en profilean partekatuko da.

Juan Kruz Igerabide Euskal Filologiako doktorea da, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea eta EHUko Euskal Filologia Saileko irakaslea. Euskarazko literatura itzulpen ugari egin ditu, baita poesia, ahozkotasun eta haur literaturari buruzko hainbat ikerketa ere. Aforismoak, narrazioa, eleberria, entseguak, olerkiak eta haurrentzako olerkiak idazten ditu. Bere sarien artean, nabarmentzekoak dira Kritikaren Saria, 1994an, 'Sarean leiho' lanagatik; sari bera, baina Euskarazko Poesiaren kategorian, 2002an 'Maisu Isila'-gatik eta Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala 2018an 'Abezedario titirijario' lanagatik, besteak beste.

Idazle dibertigarria da Karlos Linazasoro. Filologian lizentziatua Deustuko Unibertsitatean, bere jaioterriko Tolosako Udal Liburutegiko liburuzaina da. Linazasorok umorea eta ironia erabiltzen ditu munduaren eta bizitzaren adierazpen mikatz horien leungarri gisa, eta bizitzari eta heriotzari buruzko gogoeta-testuak ere baditu. Bere lanak poesia, narratiba laburra, haurrentzako ipuinak, antzerkia eta iritzi artikuluak biltzen ditu eta astero zutabe bat argitaratzen du El Diario Vascon. Euskadi Literatura Saria irabazi zuen 2001ean, Haur eta Gazteen Literatura kategorian, 'Bota gorriak' liburuarekin. Gainera, 'Las aguas tranquilas' liburuan euskarazko zortzi poeten artean aukeratu zuten.

Topaketan Udane Goikoetxea izango da moderatzailea. Hamabost urte baino gehiagoko ibilbidea izan du kazetariak, eta Bizkaia Irratian, Hamaika Telebistan eta EITBn egin du lan. Gaur egun, EHUko Kazetaritza Saileko irakaslea da. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiko irakurketa taldeetako irakaslea izan da eta bere argitalpenen artean 'Euskaldunaren Anekdotak' testu eta audio liburua nabarmentzen du.