GASTEIZ. Gaur, hilak 11, Gasteizko José Uruñuela udal dantza kontserbatiorioan eta Folklore Akademian ikasle berrientzat izena emateko epea ireki egin da. Kontserbatorioak dantza ikasketa arautuak eskaintzen ditu, zehazki, Dantza Klasikoko oinarrizko ikasketak eta ikasketa profesionalak.

"Gure helburua ikasleei kalitatezko prestakuntza artistikoa eskaintzea da, eta kualifikazio profesionala ematea, dela dantzari gisa, edo maisu, koreografo...", esan du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Matrikula Internet bidez egin behar da, Udalaren webguneak zentroari eskaintzen dion tartean. Osasun krisian gaudela aintzat hartuta, eta salbuespen gisa, e-postaz ere eman ahalko da izena, horretarako inprimakia eta agiri tamainako argazki eskaneatu bat bidalita bi helbide hauetakoren batera: cmdanza.administracion@vitoria-gasteiz.org edo cmdanza.direccion@vitoria-gasteiz.org.

8 eta 13 urte bitarteko ikasleak Oinarrizko Ikasketetan hasiko dira, eta 12 urtetik gorakoak Ikasketa Profesionaletan sartu ahalko dira. Ikasle gazteenei dagokienez, hauek dira matrikulatzeko gutxieneko adinak: 'Lehen harremana 5' egin ahalko dute 2015ean jaiotako ikasleek, eta 'Lehen harremana 6' 2014an jaiotakoek. 2013an jaiotakoek 'Dantza aurrekoa' egin dezakete.

Ikasgai hauek eskaintzen ditu Gasteizko dantza kontserbatorioak: 'Dantza Klasikoa', 'Dantza Tradizionala' (Euskal dantza), 'Errepertorioa', 'Puntak', 'Dantza garaikidea', 'Izaerako dantza', 'Binako dantza', 'Dantzaren Historia', 'Anatomia eta elikadura', 'Interpretazioa' eta 'Musika'.

Hauxe azpimarratu du Cantok: "Nabarmendu nahi dut Jose Uruñuela udal dantza kontserbatorioa Euskal Autonomia Erkidegoan era horretako ikasketak eskaintzen dituen zentro ofizial bakarra dela, eta hori bera erakargarri erantsia da ikasketen amaieran titulazio ofizial aitortua lortu nahi duten pertsonentzat".

Zentroak instalazio modernoak ditu, bai eta profesional kualifikatuen lantalde bat ere, zeinen bitartez gauzatzen dituen zentroak bere hezkuntza-proiektua. Eskaintzen dituen baliabideen artean piano-jotzaileen akonpainamendua eta fisioterapia-zerbitzua daude.

Alderdi pedagogikoaz gain, kontserbatorioak lehentasunen artean ditu dantza promozionatzen eta hedatzen laguntzea, diziplina hori herritarrengana hurbilduz, bertan sortutako pieza koreografikoak zein errepertorio klasikokoak jendaurrean aurkeztuz, eta beste erakunde hezigarri eta sozial batzuekin lankidetza-proiektuak ezarriz.

Informazio gehiago: 945162606 telefonoan, 09:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera, edo helbide elektroniko hauetan: cmdanza.administracion@vitoria-gasteiz.org eta cmdanza.direccion@vitoria-gasteiz.org.

UDALAREN FOLKLORE AKADEMIA

Udal Folklore Akademiari dagokionez, osasun krisia dela eta, epea astebete atzeratu behar izan da; horrenbestez, interesdunek bi aste izango dituzte matrikulatzeko. Zehazki, maiatzaren 11tik 24ra, biak barne.

Lehenengo aldiz, matrikula internetez egin ahalko da, www.vitoria-gasteiz.org webgunean Folklore Akademiari eskainitako espazioan; aurrez aurre ere egin ahalko da, ohi bezala, Musika Etxeko idazkaritzan (San Antonio kalea, 14), astelehenetik ostiralera, 10:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:30era (ostiral arratsaldeetan izan ezik).

"Osasun krisia dela eta, internetez matrikulatzeko sistema berria sortu dugu, herritarren joan-etorriak ahalik eta gehien eragoztearren. Gure herriko musika tradizionala ezagutzeko interes berezia duten pertsonak erakargarrien gertatzen zaizkien ikasgaietan izena ematera animatzen ditugu", adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Ikasle berriek tresna hauek jotzen ikasi ahalko dute: alboka, gaita, txalaparta, txistua, txirula, trikitixa eta panderoa. Gainera, ikastegian beste ikasgai hauek ematen dira: musika-hastapenak, musikaren lengoaia, euskal dantzak, abesbatza eta perkusioa.

Hauek dira matrikulatu ahal izateko gutxieneko adinak: euskal dantzak ikasteko, 2014ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoa izatea; musika hastapenetarako, 2013an jaiotakoa, eta abesbatzarako, 18 urtetik gorakoa izatea. Gainerako ikasgaietan, 2012ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoek eman ahalko dute izena.