BILBO. Martxan da Etxepare Euskal Institutuak antolatutako Kimuak 2020 film laburren programa. Atzo, hilak 6, aukeraketan parte hartzeko deialdia ireki egin zen, eta parte hartu nahi duenak ekainaren 30era arte izango du epea. Ekimen hau Euskadiko Filmategia Fundazioak kudeatutakoa da, eta euskal film laburren sustapena eta banaketa da bere xede nagusia.

Aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek, 30 minututik beherako iraupena duten lanak bidali beharko dituzte. Partehartzaile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango ditu, betiere 2019ko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak badira.

Bestalde, beharrezkoa izango da zuzendariak edota ekoizle nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egoitza izatea. Hautagaitza zuzendariak aurkezten badu, gutxienik deialdia argitara eman baino urtebete lehenagotik EAEn erroldatuta dagoela egiaztatu beharko du, edo bertan bost urtez jarraian edo hamar urtez tarteka bizi izan dela. Film laburra ekoizle edo ekoiztetxe batek aurkezten badu, ordea, EAEn izan beharko du egoitza, eta lana bi enpresa edo gehiagoren arteko koprodukzioa bada, EAEko ekoizleak gehiengoa duen bazkidea izan beharko du.

Ez dira onartuko komertzialki estreinatuak izan diren edota telebistaz, internetez edo beste edozein plataforma publikoren bitartez hedatu diren film laburrak. Halaber, lanok gehienez 25 zinemalditara aurkeztu izatea onartuko da.

Deialdiaren oinarriak eta izena emateko formularioa kimuak.com web gunean daude eskuragarri.

Koronabirusaren eraginez bizitzea tokatu zaigun salbuespenezko egoera dela eta, Kimuakek beretzat gorde ditu oinarri hauetan aldaketak egiteko aukera.