BILBO. Hemen da Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim museoek antolatzen duten New Yorken lau asteko egonaldia egiteko programaren seigarren deialdian parte hartzeko epea. Ekimen hau Euskal Autonomia Erkidegoko artista gazteei bideratuta dago. Parte hartzeko baldintza bakarra Euskadin jaiotakoak izatea edo Euskadin bizitzea da. Bi artista izango dira sarituak, eta ez edozein sarirekin. Irabazleak New Yorken hilabete bat emango dute, bertako arte giroa hurbiletik ezagutzeko.

New Yorken egingo duten egonaldian hautatutako pertsonek hango arte-munduan murgilduta dauden artisten, arte-arduradunen eta erakundeen jardunaren berri izango dute Solomon R. Guggenheim Museum-eko profesionalen eskutik. Aste horietan han bizi ahal izateko, hautatutako pertsona bakoitzak 3.000 dolarretako diru-laguntza jasoko du.

Hautagaiek gaurtik aurrera izena emateko aukera dute Museoaren webgunean ekainaren 30a arte. Izena emateko epea amaitzerakoan, bi museoetako arte-arduradunek hautagaiek aurkeztutako agiri eta material guztiak aztertuko dituzte eta uztailaren amaieran hautatutakoen izenak ezagutaraziko dira.

Gaurdaino, hamar artistek parte hartu dute New Yorken lau astez egoteko ekimen honetan: aurreneko edizioan Carla Tobar eta Alain Urrutia izan ziren hautatuak; bigarrenean Cristian Villavicencio eta Diego Vivanco; hirugarrenean Gala Knörr eta Maite Pinto; 2018ko edizioan Nora Aurrekoetxea eta Helena Goñi; 2019. urtean Raquel Asensi eta Jon Gorospe aukeratu zituzten.

Artista hasiberrientzako egonaldi-programa hau zein EAEko ikasleentzako bekak 2014ko abenduan Guggenheim Bilbao Museoak Solomon R. Guggenheim Foundation-ekin sinatutako Kudeaketa Akordioaren berritzean barne hartzen dira; berritzeak bi erakundeen arteko harremanean sakontzen du hainbat proiekturen bidez.

Esan gabe doa, COVID19 birusak mundu osoan eragindako egoeraren garapenaren arabera, datak alda litezke edo programa osoa bertan behera gera liteke. Kasuan kasu, Basque Artist Program ekimenarekin lotutako argibide guztiak webgunean eguneratuko dira.