Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak Maite Gurrutxaga irudigilearen kartel bat aurkeztu du gaurko Liburuaren Nazioarteko Egunarekin bat. Lan horretan, etxetik irten gabe beste mundu batzuk bisitatzeko eta ezagutzeko aukera dagoela aldarrikatu nahi izan du ilustra-tzaile amezketarrak, horretarako alternatiba irakurketa dela gogoratuz.

Horrez gainera, 2019an euskal liburutegiek izandako datuen balantzea argitaratu egin da. Oro har, emaitzak “apartak” izan dira: iaz, 2.744.226 milioi mailegu egin ziren Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan (2018an baino 120.000 gehiago eta 2017an baino 147.000 gehiago), eta, aurreneko aldiz, milioi bat erabiltzaile baino gehiago egon ziren (1.036.217 erabiltzaile, Euskal Autonomia Erkidegoko bi biztanletik bat eta aurreko urtean baino 41.038 gehiago). Koronabirusa dela eta, momentu honetan liburutegi gehienek ez dute formatu fisikoko liburuen mailegua eskaintzeko aukerarik. Hartara, konfinamendua hasi zenetik, eLiburutegian mailegu digitalak biderkatu dira: otsailean egunean 200 liburu inguru mailegatzen ziren aldetik, azken asteetan 1.000 mailegu inguru bideratzen ari dira. Era berean, liburutegi-zerbitzu askok gomendio-zerbitzuak edota irakurketa-gidak eskaintzen jarraitzen dute.

Gauzak horrela, pasa den hilabetean, martxoan, inoiz baino mailegu digital gehiago erregistratu ziren, 18.539, daturik altuena 2014ko azaroan eLiburutegia abian jarri zenetik. Alabaina, kopuru hori dagoeneko gainditu da apirilean, hilabetea amaitzeko 7 egun falta badira ere (22.000 liburu baino gehiago mailegatu dira jada azken 23 egunetan).

Iazko balantzera itzuliz, liburutegien arteko maileguei dagokienez ere, igoera nabarmena egon zen 2019an. 2018an zerbitzu horren bidez 96.959 eskaera egin ziren horretan, pasa den urtean 120.000 baino gehiago egin ziren (erabiltzaile batek liburu bat bere liburutegian ez aurkitzekotan, beste batetik helarazten zaio). Hauxe da Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen arabera erabiltzaileek gehien baloratzen duten zerbitzua, eta azken urteetan liburutegien arteko mailegutzan egondako hazkundearen erakusle da.

Sarea Eusko Jaurlaritzak sortu zuen 2004an, Euskadiko liburutegi publikoak biltzeko, sinergiak sortzeko eta zerbitzuak hobetzeko intentzioarekin. Honen baitan, udal-titulartasuneko liburutegiak eta zerbitzu horretan udalaz kanpoko titulartasuna duten beste batzuk sartzen dira (Euskadiko Artxibo Historikoa, Lazkaoko Beneditaren Artxiboa, Zarauzko Beneditarren Artxiboa, etab.).