BILBO. Atzo goizean, otsailak 27, osteguna, Espainiako musika independentearen 2020 MIN Sarien antolakuntzak aurtengo edizioko kategoria bakoitzeko bost finalistak ezaguarazi zituen. Bertan, Euskarazko Album Onenaren Etxepare Sarira nominatuen artean Doctor Deseo, Maite Larburu, Zea Mays, Zetak eta Niña Coyote eta Chico Tornado aurkitzen dira. Sari banaketa martxoaren 11n egingo da.

Herenegun jakinarazi zuen MIN sarietako epaimahaiak kategoria bakoitzetik finalera igarotako bost artista edota taldeak zeintzuk ziren, Costello aretoan egin zuen ekitaldi ireki batean. Sariketak 19 kategoria ditu guztira, tartean Artistarik Onenaren Fluge saria, Zuzeneko Onenaren Ticketmaster Saria, edota Album Onenaren The Orchard saria.

Aurtengoan, gutxi dira euskarazko album onenaren kategoriatik at finalista geratu diren talde edota artistak. Horien artean aipatzekoa da La Bien Querida artista bilbotarra, zeinak Brujería albumarengatik Pop Album Onenaren Saria eraman baitezakeen. Gainontzekoan, Rodrigo Cuevas artista asturiarrak bildu ditu izendapen gehien; sei, hain zuzen ere. Bere atzetik doaz, besteak beste, Kase.O zaragozarra edota Viva Suecia taldea. Horrez gain, Kiko Veneno artistak Ohorezko MIN Saria jasoko du bere ibilbide guztiarengatik. Finalisten inguruko informazio gehigarria, hemen.

Sariak martxoaren 11n, asteazkena, banatuko dira Madrilgo Teatro Circo Price aretoan. Bertan, sariak banatzeaz gain zuzeneko musika ere egongo da, Kiko Veneno, Viva Suecia, Ladilla Rusa, Zenet, Guitarricadelafuente, Cariño eta Juancho Marqués artisten eskutik.