BILBO. Hurrengo ostiralean, otsailak 21, Zinemaldia.cat euskal zinema jaialdiaren 15. edizioa hasiko da Bartzelonan. Aurtengo edizioak 11 film luze izango ditu, hainbat ertainez gain, eta Euskal Etxean, Hizkuntza Eskola Ofizialean eta Girona zinemetan proiektatuko dira.

Otsailaren 21ean Cinemes Girona aretoetan emango dio hasiera zinemaldiak. Bertan, Zauria(k) izeneko dokumentala eskainiko dute, zauriak, eromena eta gaixotasun mentalak ikuspegi feminista batetik lantzen dituen proiektua. 22an Euskal Etxera lekualdatuko da egitaraua, eta film ertainen txanda izango da: Anti, Erroitz, Sans Nom sarea eta Erraiak filmak emango dituzte eta, ostera, Napardeath komedia beltza.

Otsailaren 23an hainbat filmek partekatuko dute egitaraua Girona zinemetan: goizez, Lur eta Amets animaziozko filma; eta arratsaldez, batetik, Maddi Barberren Urpean Lurra dokumentala eta, bestetik, Fernando Bernuesen Soinujolearen Semea, biak zuzendarien presentziaz lagunduta. Halaber, 26an, Hizkuntza Eskola Ofizialean Fermin Etxegoienen Euskaltzaindia: egunak eta lanak dokumentala ikusi eta euskararen batasun prozesuari buruz hitz egingo dute.

Punka izango da protagonista Euskal Etxean otsailaren 27ko egitarauan. Hasteko, zineforuma egingo dute, “Punk is Dead” izenburupean, eta ostera Generación anti todo eta Los demenciales chicos acelerados. Euskadi y tal dokumentalak ikusiko dituzte zuzendarien presentziaz, Iñigo Cobo eta Kikol Grau hurrenez hurren, lagunduta.

Hilaren 28an, halaber, Hiru Uhinak dokumentala eskainiko dute Girona zinema aretoetan, Loïc Legrand zuzendariaren bisitarekin. 29a azken-aurreko eguna izango da, eta orduan ere dokumental bat izango da ikusgai: Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa, zuzendariak berak aurkeztuta. Zinemaldia.cat jaialdiaren aurtengo edizioa itxiko duen filma Agur Etxebeste! izango da, martxoaren 1ean emango dutena Cinemes Girona aretoetan.

Zauria(k), Lur eta Amets, Urpean Lurra, Soinujolearen Semea, Hiru Uhinak, Ez, eskerrik asko! eta Agur Etxebeste! filmak jaialdiko sail ofizialean lehiatuko dira. Egitarau osatua eta xehetasunak esteka honetan aurki daitezke.