Otsailaren 11n

"Editores y escritores, ¿parejas de hecho?" topaketa jasoko du Bidebarrietak

07.02.2020 | 11:05
Bidebarrieta

BILBO. Hurrengo asteartean, otsailaren 11n, arratsaldeko 19:30an, Alfaguara argitaletxearen zuzendari Pilar Reyes eta Tusquets Editoresen Juan Cerezo Bidebarrieta Kulturgunean izango dira "Editores y escritores, ¿parejas de hecho?" izeneko topaketan. Hitzordua "Eztabaidak literaturarekin" programaren barruan dago, eta streaming bitartez jarraitu ahal izango da.

Oraingoan, Cesar Coca kazetaria izango da moderatzailea, eta liburuaren industrian funtsezkoak diren bi figura horien arteko harremanean sakontzen saiatuko da. Horrela, gai hauek planteatuko ditu, besteak beste: erlazio horretan beste elementu batzuek duten garrantzia edo elementu horiek sartzea, elkarbizitza horren benetako izaera, argitalpen munduko lanaren eguneroko jarduna, argitaletxeen arteko gerrak autore arrakastatsuak eurenganatzeko, edo egile horiek zigilu jakin batera leial izatea. Alderdi horiek liburuak erosten dituzten eta berrikuntzen zain dauden irakurleengandik kanpo daude.

Pilar Reyesek (Bogota, Kolonbia) Letrak ikasi zituen Bogotako Unibertsitate Javerianoan. Alfaguarako argitalpen zuzendaria da duela hamarkada batetik, baina aurretik 16 urtez egin zuen lan Alfaguara Colombian. Argitaletxeen munduan eragin handiena duten 50 pertsonen artean dago. Bere mahaitik igarotzen dira oso idazle garrantzitsuen eskuizkribuak: Mario Vargas Llosa, John Banville, Bernardo Atxaga, Jöel Dicker, Arturo Pérez-Reverte edo Carol Joyce Oates, besteak beste; José Saramago, Günter Grass, Julio Cortázar edo William Faulkner agertzen diren katalogoa kudeatzen du; bera da 1964an sortu zenetik mende erdi baino gehiago bete duen argitaletxea gidatzen duena.

Bestalde, Juan Cerezo (Montillana, Granada) Tusquets etxe mitikoaren argitalpen zuzendaria da. Bertan hasi zen, eta Milan Kundera, Haruki Murakami, John Irving edo Marguerite Duras argitaratu ditu Estatuan, eta argitaletxe horrek deskubritu zituen Almudena Grandes, Luis Landero, Enrique Vila-Matas edo Javier Cercas, besteak beste. Gaur egun Tusquets argitaletxearen buru dena duela 25 urte sartu zen enpresan zuzentzaile gisa. Juan Cerezoren eskutik iritsi zen zigiluaren XXI. mendeko arrakasta nagusia, Fernando Arambururen "Patria", 33 argitalpen dituen eta milioi bat lagunek baino gehiagok irakurri duten oparia.

2007ko urtarrilean "Eztabaidak literaturarekin" egitaraua martxan jarri zenetik, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturaren esparru osoko 325 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 10.000 pertsona baino gehiago hurbildu dira solasaldietara. Gaur egun, duela hamarkada bat bezala, egitarauaren helburua literaturarekin bat egiteko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, topaketa bakoitzera gonbidatutako pertsonekin jende aurreko solasaldiak eginez.

Joan den 2019an hauek izan ziren "Eztabaidak Literaturarekin" programan parte hartu zutenak: Karmelo C. Iribarren eta Santos Zunzunegui, Javier Sierra eta Nacho Ares, Miren Agur Meabe eta Lourdes Oñederra, José Carlos Somoza eta Elia Barceló, Rosa María Calaf eta Olatz Arrieta, Mikel Urdangarin eta Roberto Moso, Xabier Gutiérrez eta Yanet Acosta, Pedro Ugarte eta Felipe Juaristi, Luis Marías eta Eneko Olasagasti, eta Bernardo Atxagak eta Angel Lertxundik eman zioten amaiera urteari.