Autotik beribilera eta oha-tzetik ohera. Euskal Herriko toki anitzetako mintzalagunak eta berbalagunak ezinbestean gurutzatu ziren atzoko egunean Durangoko Azokan Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako ekimen baten bidez.

“Ni Bartzelonan jaio nintzen eta 15 urterekin heldu nintzen Lasartera, baina duela lau urte arte ez nintzen euskaraz ikasten hasi”, azaldu zuen Txema Soriano 39 urteko oriatarrak. “Erretiratu ostean sartu nintzen AEKn euskara ikasteko, eta hasiera oso gogorra izan zen. Orain, Mintzalagunean nago euskara mantentzeko”, aitortu zuen Zalduendoko 77 urteko Jose Luiz Lopez de Luzuriagak.

Bai, ikusi berri den moduan, euren artean berez zerikusirik ez duten bi errealitate, euskararen eskutik batu ziren atzo. Gauzak horrela, Gipuzkoako, Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako mintzalagunek bi aukera izan zituzten: ginkana baten parte hartzea edo poteoa egitea Durangoko tabernetatik; gehienek, aurrenekora jo zuten.

Ginkanako galderei erantzun bat bilatzen zegoen bitartean, Olaia Ruedak, 28 urteko algortarrak, ezezagunekin, lotsa dela eta, erderaz hitz egiten duela aitortu zuen: “Ni anbulategian edo udaletxean gazteleraz min-tzatzen naiz, pentsatzen dudalako beste pertsonak konturatzen direla egiten ditudan akats guztiez”. Gainera, ez du ahazten behin liburutegi batean gertatutakoa: “Euskaraz hitz egiten saiatu nintzen, eta ordenagailu bat eskatu nuen Internet erabili ahal izateko. Gaizki espresatu nintzenez, arduradunak esan zidan: zuk badakizu euskaraz ala ez?”. Alabaina, Doneztebeko 52 urteko Mari Jose Otxandorena, lasai aski ibiltzen da egunero euskaraz: “Euskara ikasi nuen etxean, eta lan egiten dudan zahar-egoitzan denok egiten dugu euskaraz. Dena den, iraganean erderaz egiten genuen, ez dakit zergatik gertatzen zen hori”.

Mintzalagunek bizi diren testuinguruaren arabera sentsazio ezberdinak dituzten aldetik, zein hizkuntzatan pentsatzen dute? Esaterako, Sorianok, bere burmuinean bi botoi dituela ain-tzatetsi zuen: “Bi zatitxo ditut nire burmuinean, bakarrik da bata ala bestea piztearen kontua. Jatorriz gaztelera dakit, baina euskaraz beldurrik gabe hitz egiten ausartu nintzenetik, beti dago nire burua horretarako prest”. Halaber, bestelako egoerak ere badaude. “Oraindik zalantza daukat euskara dakidan ala ez. Une honetan adibidez buruan euskara daukat, baina beste momentu batzuetan ez da berdina”, helarazi zuen Lopez de Luzuriagak. Olatz Ruedak ere, zalantzak dituela berretsi zuen: “Erdi-erdi, ba-tzuetan euskaraz pentsatzen dut eta beste askotan erderaz. Gainera, orain C1 maila prestatzen ari naizela, maiz konturatzen naiz erderaz pentsatzen dudala gero euskarara itzultzeko”.

Esana desegin, ala desesana egiten dute mintzalagunek? Galdera konplexua izan baliteke ere, bien-tzako erantzuna dutela erakutsi zuten atzo Durangoko kaleetan.