Bilbo - Atzerritik datozen musika genero berriak gero eta leku garran-tzitsuagoa hartzen ari dira euskal kulturaren plaza handienean, euskara edozein erritmotara egokitu daitekeela frogatzen ari den heinean. Durangoko Azokako II. Sormen Bekaren iragarpenak modernizazioa gazteenek entzuten dituzten generoen eskutik datorrela berretsi zuen. Iratxe Aguilera abeslari gasteiztarra izan da aurtengo irabazlea dancehall, reggaetoia, trap edota rap bezalako doinuak lantzen dituen proposamenarekin. Euskal Herrian ere badugu zer esaterik musika urbanoaren inguruan izeneko proiektu apurtzailea borobiltzeko urte beteko epea izango du eta, horretarako, Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak eskaintzen duten 15.000 euroko dirulaguntza jasoko du. Atzokoan, bestalde, iazko irabazleek jendaurrean aurkeztu zuten AtopiaRPG, euskaraz sortutako lehenengo rol jokoa.

Beste korronte batzuen aurka rocka eta punka aldarrikatzen duten genero garbizaleek jai dute. Duela urtebete hasi zen Iratxe Aguilera bertsioak igotzen Youtuben duen kanalean, Lorito izenpean. “Originalak ziren abestiak egitea erabaki nuen, David Chickjuarez -jatorri mexikarra duen eskarmentu handiko sortzailea- ezagutu eta, ordutik, biok elkarrekin aritu gara”, azaldu zuen 23 urteko abeslariak saria jaso ondoren. “Musika urbanoa Euskal Herrian oso garatuta ez dagoela ikusi genuen, are gutxiago euskaraz, eta horretan ibili gara lan egiten. Mundu mailan gehien entzuten den generoa da urbanoa eta arraroa da euskaraz hainbeste ez egotea”, gaineratu zuen gasteiztarrak, Dupla eta Zetak bezalako proposamenak aipatuz. Erronka, hurrengo urtean zehar “proiektu potente” bat prestatzea izango da, hots, “disko bat ateratzea”.

Rosalía edo C. Tangana bezalako abeslarien bertsioak egin dituen kantariak beste sortzaile batzuekin ere arituko da elkarlanean. Jon Maia bertsolari eta idazlea, esaterako. Harekin prestatu ditu, hain zuzen ere, bere egitasmoa definitzeko erabili zituen hitzak: “Gure proiektua periferian sortzen da, euskararen periferian. Garrantzitsua da periferiako euskal nortasun eta identitate berriak proiektatzea, euskaraz eta Euskal Herri osora. Halaber, garran-tzitsua da euskararen presentziarik ez duten musika molde eta kultur adierazpen berriak sortzea. Hori periferiatik bertatik gertatzea are aberasgarriagoa da. Proiektu hauek bultzatzea garrantzitsua da euskararentzat, egungo belaunaldientzat erreferente diren musika eta kultur adierazpide berriak sustatzea”.

Sormen Bekaren epaimahia Aitor Etxebarria, Iñaki Jaio, Julen Idigoras, Maite Arroitajauregi Mursego eta Joxan Goikoetxeak osatu dute. Azken biek defendatu zuten ebatzitako aukera. Goikoetxearen esanetan, “estilo nahasketa orekatua, ahots onak eta pertsonalak, grabazio zaindua, potentzialeko lan taldea eta proiektuaren arima diren Iratxe eta Daviden talentua zein gaitasun musikala” izan dira garaileen arma azpimarragarrienak. Gainera, Arroitajauregik argitu zuenez, “edukietan konpromiso soziala erakutsi dute, besteak beste bazterkeria sexistaren inguruan. Entzulearengan inpaktua lortu nahi dute, arazo sozialen aldarrikapenen bitartez, tartean aldarrikapen feministarekin”. Zentzu horretan, genero urbanoari atxikitzen zaizkion estereotipoei aurre egiteko nahia nabarmendu zuten.

Gerediagako presidentea den Nerea Mujikaren aburuz, “Durangoko Azokaren helburua hasieratik izan da sortzaile guztiei ahotsa eta plaza eskaintzea”. Ildo horri jarraituz ipini zuten abian iaz sortzaile berriei eskainitako beka, euskarazko produktu baten sorkuntza hasieratik amaierara garatzen laguntzeko asmoz. “Dagoeneko egonkortuta dagoen idazle, antzezle edo musikari baten lan baldintzak zailak baldin badira, zer esanik ez hasiberria den talentu batena”, adierazi zuen bestalde Ima Garrastatxu Durangoko alkateak. Bere esanetan, beka “sor-tzaile berriei bultzada bat” emateko jaio zen, haien ekimenak aurrera atera ditzaten.

Iazko proposamena Hain zuzen ere, atzo jakinarazi zen zertan da-tzan lehen bekaren garaile izan zen AtopiaRPG proiektua. Urte osoan zehar sare sozialetan pistak zabaltzen egon ondoren, egitasmo original honen arduradunek jokoaren inguruko informazio jasotzen duen agiria irakurri zuten bere xehetasunen berri emateko. “Manifestu bat egin dugu fikziorik ez badago hizkuntzak desagertu egiten direla adierazteko. Dodoa desagertu diren animalien adibide on bat da”, azaldu zuen Beñat Irasuegik, proiektuaren partaideetako batek. Gaineratu zuenez, bost fakzio ezberdinetan dago banatuta liburua. “Bakoitzak diskurtso eta estetika oso ezberdinak ditu”, zehaztu zuen.

“Objektu kultural oso fina” egin dutela adierazi zuten proiektuaren partaideek. “Jende askok ekarpenak egin dizkio Twitterretik, jolas kolektiboari forma eman diogu denboran zehar”, argitu zuen bere aldetik Galder Gonzálezek. Jokoaren 111 ale jarri zituzten aurresalmentan eta denak saldu zituzten hiru astetan. “Orain, Azokan, Gerediagako postuan jarri ditugu salgai. Soberan gelditzen zaizkigun aleak zuzenean banatuko ditugu, Internet bidez, edo Euskal Herriko lauzpabost puntutan. Horrekin edizioa bukatuko genuke, beste proiektu berri batzuetan murgiltzeko”, adierazi zuten proiektuaren ekoizleek, dirulaguntza 33 euroko salmenta prezioa duen -behar lukeenaren azpitik- objektu kulturala denon eskura jartzeko inbertitu dutela argitu ostean.