ITXURA fisikoa, lokalizazioa, kontsumo erak, gizartea bera... Durangoko Azokak bizirik daramatzan 54 urteetan egoera hamaika eratan aldatu da. Ondo dakite DEIAk bildutako protagonistek, hogeita hamar urtetan zehar Azokako zuzendaria izandako Jon Irazabalek eta gaur egun Gerediagako kudeatzailea den Arantza Atutxak.

Oso desberdina zen orain dela hiru hamarkadako Azoka, Irazabalek azaltzen duenez. Merkatu plazan antolatzen zen eta diru eskasia zela eta mahai zaharrak erabiltzen ziren urtero, “lonja batean gordetzen ziren gainera, sagu artean”. Horrenbestez, liburu eta diskak saltzera mugatzen ziren Durangoko standetan. Itxura fisikoak ere berdin jarraitu du aurtengo edizioan biziberritu delarik. Eta urteotan sortzailez gainezka ikusi daitekeen Landako gunea, iraganeko urteetan ez zen hala moduzkoa. Zergatik? Irazabalek azaltzen duenez, idazleek Azokaren gonbidapena izan arren, gehienetan ezezkoa jasotzen zutelako antolakuntzako kideek, ondorioz, argitaletxeetako arduradunek egiten zituzten nobela berrien aurkezpenak.

Alabaina, pausoz pauso gero eta bisitari gehiago biltzen joan da lauzpabost egunetako euskal kultur festa, eta horrez gain, espazio berriak gehitzen joateko esfortsua egin da urtero. Zuzendari ohiak azaltzen duenez, lehenengo espazioa Saguganbara izan zen, hasieratik argi izan bai- tzuten txikienei irakurzaletasuna transmititzea ezinbestekoa zela. Handik aurrera, beste diziplina batzuk sartzen joan dira, “euskal kultura eta sorkuntzan beste eragile batzuk plazaratzeko beharra ikusten zelako”, Atutxaren arabera. Eta bisitarien esperientzia aberasteko helburua ere, biziki jarraitu da Azokaren ibilbide luzean zehar. “Liburu eta diska azokak eta guneek elkar laguntzen dute. Osorik da”, dio Atutxak, aurtengo leloa gogoraraziz.

Muina, bera Aldaketa ugari izan arren, bi belaunaldi ezberdin ordezkatzen dituzten protagonistak bat datoz: iraganeko Azokaren muina eta gaur egungoa, berdina da. “Azokak gaur egun merkatu izaten jarraitzen du, eta hori da muina eta bihotza. Guneek beren aldetik, aberastu egiten dute egitasmoa. Gizartea aldatu den heinean gauzak aldatu dira, baina espirituak, bilguneak, loturak egiteko espazioak berdin jarrai- tzen du”. Kultura kontsumitzeko moduak ere aldaketak pairatu ditu. Horren adibide da liburu digital eta fisikoen kasua, hasieran bigarrena desagertzeko beldurra zegoen arren, bizikidetzan jarraitzen dute Atutxaren aburuz. Alabaina, “agendako egunak gorriz markatzen ditugu, urteroko hitzordua da Azoka jendearekin topagunea izateko eta daukagun sorkuntzaren aberastasuna bertatik bertara bizitzeko”.

Etorkizuneko Azoka nola aurreikusten dute?Atutxaren arabera: “Gaur den bestelako jendetsu eta anitza”. Adin, era eta modu guztietako jendea joaten baita Durangora Euskal Herriko punta ezberdinetatik. Gainera, gaur egun erreferentzia den arren, hemendik kanpo ere izatea espero du kudeatzaileak. “Itxura moldatzen joango dena, gainera. Eta agian ez da lau egunetakoa izango, agian luzeagoa izango da?”. Irazabalek bere aldetik, argi dauka nolakoa izango den etorkizuneko Azoka: “Gizartearen ispilua” izango da.