BILBO. Atzo inauguratu zen Mercedes de Miguelek egindako "Janztearen artea" izeneko erakusketa, zeina hurrengo urteko apirilaren 18ra arte ikusgai egongo den. Erakusketa hau egiteko, diseinatzaileak bere sorkuntza adierzgarrienak bildu ditu.

Lorea Bilbaok, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, diseinatzailearekin batera, Bilboko aretoan egingo den aldi baterako erakusketa berria aurkeztu du eta azpimarratu du erakusketak De Miguelen sorkuntza-lan adierazgarrienetako batzuk erakusten dituela.

Diputatuak Bizkaiko Foru Aldundiak euskal modarekin duen konpromisoa azpimarratu du. "Moda ere kultura da eta, gure lana Bizkaia barruan kultura sustatzea da", nabarmendu du.

Mercedes de Miguelen "Janztearen artea" erakusketa diseinatzailearen ibilbidean hogeita hamar urteko atzera begirakoa da, 1989an enpresa sortu zuenetik gaur egunera arte. "Hiru hamarkadako abenturak dira, bilduma bakoitzean istorio txikiak kontatuz eta ilusioz betetako jantziei bizia emanez", adierazi du Mercedes de Miguel diseinatzaileak.

Jantzien aukeraketan sortzailearen ahizpa eta diseinatzailea den Charo de Miguelek ere parte hartu du; hautaketan azken hamarkadetan Europako moda-areto garrantzitsuenetan agertu diren eta diseinatzailearen ibilbidea markatu duten lanetako batzuk biltzen dira. Horrela erakusketak publikoari bere sormen lanaren funtsezko gakoak erakutsi nahi dizkio, hala nola marka eta materialak.

Sortzailea

Modaren munduan ezinbesteko erreferentzia izanik, Mercedes del Miguelek bere burua definitzerakoan esaten du "Bokazioagatik dela moda-diseinatzailea, ekintzailea berez, eta bere printzipioekin konprometitua". Bilduma bakoitzak bere interesak berritzeko, istorio ezberdinak kontatzeko eta, azken batean, jantzi berritzaileak sortzeko balio dio. Sortzaile honen lanak irudimenezko unibertso iradokitzaile eta aberatsaren emaitza direlako, eta bere inspirazio-iturriak artea, bidaiak eta bere bizipenak dira.

1989an enpresa sortu zenetik, Madril, Bartzelona, Paris eta Bilboko moda aretoetan izan da. Frantzian, Italian, Portugalen, Txinan, Japonian edo Arabiar Emirerrietan saltzen dira bere arropak, besteak beste. 2012an, Guggenheim Bilbao Museoko taldea janzteko enkargua egin zioten eta Euskadiko Gazte Orkestrarako jantziak ere diseinatu ditu.

Modaren irakaskuntzan hasi zenetik argi izan du beti jarraitu beharreko bidea, bere patroiak egiteko metodo propioa sortuz, beste enpresa batzuetarako diseinatuz eta, azkenik, 1989an "M. de Miguel" enpresa propioa sortu zuenean hiriko emakumeari, modernoa eta bestelako irudi bat bilatzen duenari, zuzenduz.

Hainbat urtez sektorean lanean aritu ondoren pasarelen munduan murgiltzea erabaki zuen eta, horretarako, "Mercedes de Miguel" linea sortu zuen, kontzeptu mailan hasierakoaren estiloaren jarraipena zena, baina apustu arriskutsuagoak eginda.

2000. urtearen hasieran "Doble Eme" bilduma berria sortu zuen, jai-jantziei eskainia eta kalitate handiko ehunekin, hainbat urtetan enpresaren motorra izan dena neurri handi baten.

2008an, "Poupée Chic" firmarekin zabaldu zuen bere sormen mundua; artisautzako xehetasunak dituzten jantziak, barnealde oso landuekin, estanpatu kolorista eta multzoaren parte aktibo bihurtzen diren etiketekin.