Durango - Dena prest dago gaur goizean Durangoko Azokako 54. edizioari ongi etorria emateko. Atzo bukatu zituzten Landako gunean muntaketa-lanak eta horrela gaur hasita eta abenduaren 8ra arte, kulturzaleek 200 ekitaldiz osatutako egitarauaz gozatu ahal izango dute, Azokako zazpi guneetan. Landako Gunean 264 erakusleiho izango dituzte, 405 nobedaderekin: 273 liburu, 91 disko, 16 aldizkari eta abar.

Urtero bezala, Landako Guneko ordutegia 10:30etik 20:00ak arte izango da. Gaur, lehenengo eguna izanik, ate-irekiera ekitaldia 10:15ean izango da, Landako etorbideko atean. Bertan, Arymux artistak, zeinu-hizkuntzan egindako ikuskizun laburra egingo du, eta berak irekiko ditu Landako Guneko ateak, Durangoko Azokako 54. edizioari hasiera emanez.

Landako Guneko ateak zabaldu eta azken urteetan bezalaxe, milaka ikaslek Durangoko Azokako zazpi guneak goraino beteko dituzte. Euskal Herri osoko ikastetxeak gerturatuko dira Durangora.

Inaugurazio ekitaldia 19:00etan izango da, Musika Eskolan. “Oparitarako” izeneko ekitaldia Kepa Errasti aktoreak gidatuko du, eta, bertan, Azokako ordezkari eta babesle publikoetako ordezkariek parte hartuko dute. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Lehendakari Iñigo Urkullu, Durangoko alkate Ima Garrastatxu, Eusko Jaurlari-tzako Kultura sailburu Bingen Zupiria, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzarako Foru diputatu Sergio Murillo eta Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuko kontseilari Ana Ollo. Herri-mugimendu eta euskalgintzako kideak ere bertan izango dira.

Aurten berritasunik ere egongo da. 30 urtez lehenengo aldiz, Azokak erakusmahaien irudia aldatuko du. Landakoko argazki orokorra, beraz, aldatuko da. “Gure asmoa gaur eguneko tendentzietara egokitzea eta erakusmahaiak errazago identifikatzea izan da. Erakusmahaiak egurrezkoak izango dira eta errotulazioetan kolore desberdinak eta ikonoak izango dituzte. Azokak bere burua eguneratzeko ahaleginetan jarraitzen du”, azaldu zuen Nerea Mujika, Gerediaga elkarteko lehendakaria.

Azokako aurrekontua 668.450 eurokoa izango da. “Aurrekontu horrekin Azokak egiten duten ekarpena handia da; alde batetik euskal kulturaren transmisio eta zabalkundeari dagokionez, eta bestalde alderdi ekonomikotik sektoreari eta Durangaldeari egiten diona”, Mujikaren esanetan. Ekarpen horri lotuta, Azokako azken egunean prentsaurrekoa antolatu du Durangoko Azokak, Siadeco taldearekin batera, Azokaren eragin ekonomikoaren inguruko ikerketa aurkezteko.

Gaur Lehenengo egunerako, goiz osoan zehar, ikasleek disziplina ezberdinetako tailerretan parte hartzeko aukera izango dute. Aldi berean, Musika Eskolan, DA! PRO egitasmoa antolatuko da lehenengo aldiz, musikari, programatzaile eta diskoetxeen arteko topagunea, hain zuzen. 17 musika taldek aurkezpenak egingo dituzte musika-industriako kideen aurrean, 10:00etatik 13:00ak arte. Ekimen hau Musika Bulegoarekin elkarlanean egingo da.

Behin Ikasle goiza amaituta, Azoka bere ohiko egitarauarekin hasiko da. Ahotseneako zuzenekoen karpan, Mockers, La Basu, Oreka Tx, Iñorkiñak, Xabi Bandini, Xatiro, Willis Drummond eta Sharon Stoner taldeak arituko dira. Solasaldien gunean, bere aldetik, sortzaile ugarik parte hartuko dute: Yolanda Arrieta, Asel Luzarraga, Iñigo Astiz, Maite Mutuberria, Felipe Juaristi, Mikel Markez, Miren Agur Meabe eta abar.

Areto Nagusian lehenengo aurkezpenekin hasiko dira 13:30etik aurrera, eta hainbat gai jorratuko dituzte: Kikarakada proiektua, EuskarAbentura 2020, Bizkaiko egoitzetako grebalarien testigantzak, Alex Txikon mendizalearen Mundu bat motxilan eta abar.

Irudienean Ipar Euskal Herriko ekoizpenak izango dira protagonista: Hiru uhinak dokumentala, Ito fikziozko film labur kolektiboa, Tantaka websaila... Kabi@n proiektu oso interesgarri bi aurkeztuko dira: ZUT aldizkari digital multimedia eta IXA websaila alde batetik; eta bestetik Hirikilabs egitasmoa.

Saguganbaran, areto handian oso aurkezpen ezberdinak egongo dira: Xapoketan karta-jokoa, Xaxardi haurrentzako ipuinaren aurkezpena, Kokojoko bideo-jokoa eta abar.

Urtero bezala, eguna Plateruenan amaituko dugu. Lehenengo gau honetan Arabako ska doinuak izango dira protagonista: ETS En Tol Sarmiento taldeak Aukera berriak lana aurkeztuko du (8 euro webgunean eta 10 euro txarteldegian).

Unean uneko egitaraua eta sor-tzaileen sinadura-ordutegiak www.durangokoazoka.eus webgunean kontsulta daitezke egunero.

Bestalde, Durangoko Azokako antolakuntzak dei egiten die bisitariei garraio publikoa erabiltzeko Durangora etortzeko. Euskotrenek, adibidez, zerbitzu bereziak eskainiko ditu bihar, ezti eta baita igandean ere.