Donostia - Zinemaldian atzo estreinatu ondoren, Asier Altuna eta Telmo Esnalen film berria ostiralean iritsiko da zinema aretoetara. Bilbon aurrestreinaldia bihar izango da.

Antzezle familia batek beti an-tzerkira jotzen du?

-Telmo Esnal (T.E.): Itxurakerietan jarraitzen dute.

-Asier Altuna (A.A.): Hamalau urteren ondoren familia ez da aldatu.

-T.E.: Jendea den bezalakoa da, ez da aldatzen.

-A.A.: Agian aldatu dena testuingurua da. Garai horretan, momentuan sentitzen genuen zerbait kontatu genuen. Orain, garai hauei, gizarte honetara, politika egiteko egungo moduetara egokitu gara.

-T.E.: Patrizio bera ez da aldatu. Lehenengo pelikulan bere lantegia xahutu zuen eta hemen beste zerbait xahutzen du.

‘Agur Etxebeste!’-k badu kritika sozial eta politiko nahiko sakona.

-T.E.: Kritika baino, nolakoak garen islatzen du.

-A.A.: Nori ez zaio gustatzen pintxoak debalde jatea? (barreak).

-T.E.: Eta dirua erortzen bada, pentsatu gabe nondik datorren, ongietorria da; hartu eta listo. Gaizki irudi-tzen zaigu besteak egiten duenean, baina (ez dut esango mundu guztiak egingo lukeenik) egiten dugu.

-A.A.: Orain dela urte batzuk arte ez genuen egun ustelkeriaren inguruan dugun kontzientzia hori. Modu batera edo bestera pikaro samarrak ginen. Hasieratik gure buruaz barre egitea zen helburua.

-T.E.: Halere, hori pelikularen abiapuntua besterik ez da. Aupa Etxebeste!-k eta Agur Etxebeste!-k familia baten erlazioa kontatzen dute, nola erabaki batek guztiak baldintzatzen dituen. Ustelkeria aitzakia da, macguffina, nolabait esateko, baina interesatzen zaiguna familia-harremanak dira. Familia honen ezaugarria da momentu okerrenetan elkartu eta aurrera egiten duela.

-A.A.: Elkartzen direnean, gainera, guztiak funtzionatzen du, aurrean zailtasun oso potoloak izan arren.

Ramon Agirreren pertsonaiak hainbatetan dio funtzionatzen duen zerbait ez dela aldatu behar.

-T.E.: Hori da beti entzuten dena, ez? Leku guztietan zerbait baldin badago zerbaitegatik izango da. Nabari da hainbat kasutan ez dela ondo funtzionatzen duelako, batzuei ondo datorkielako baizik.

Hamalau urte geroago, zergatik berreskuratu dituzue Etxebestetarrak?

-T.E.: Ez zen gure ideia izan. Ekoizleak etorri ziren ideiarekin eta momentu egokia iruditu zitzaigun berriro elkartu eta gaur egun familia zer egoeratan egongo zen pentsa-tzeko. Alde batetik, erronka handia zen. Bigarren parte bat beti da erronka, baina ohore bat ere bada. Ez da askotan gertatzen, oso zaila da bigarren parte batean norbait interesatuta egotea.

-A.A.: Departamentu guztietako ia ekipo guztiak berriro biltzea oso polita izan da. Lagunak gara, gainera. Filmazioa plazera izan da. Ariketa moduan ere, oso polita. Enkarguaz ari naiz. Elementu batzuk hor daude, pertsonaia batzuk, etxe bat, aurreko pelikulan Patrizio udaletxera bidean utzi genuen.... Gaia hor zegoen eta jolasten hasi ginen. Gozoki bat izan da.

Hamalau urteko ibilbidearen ondoren, ekipoaren egiteko moduak aldatuko ziren. Diferentzia handirik sumatu duzue lehenengo pelikula eta oraingoa filmatzean?

-A.A.: Errespetu handia genion Aupa Etxebeste!-ren filmazioari, gure lehen film luzea zen. Honetan, guztion jarrera ausartagoa izan da. Teknikoki ere, alde guztietatik, eskarmentu askoz gehiago erakutsi dugu. Errazagoa ere izan da.

-T.E.: Adibidez, Peio Villalbak (zuzendari artistikoa) etxea zuria egitea proposatu zigun; zineman ez da ohikoa ez delako ondo gelditzen. Baina pentsatu genuen: zergatik ez? Lotsagabeago izan gara. Aurrekoa planifikazio eta filmazio aldetik askoz itxiagoa izan zen. Orduan, lehen pelikula izanik, beste gauza batzuk bilatzen genituen. Oraingoan, halere, familia horren esentzia mantendu nahi izan dugu.

-A.A.: Beste pelikula ere hor dago eta honek aurrekoari keinu asko egiten dizkio. Hori egiten asko gozatu dugu.

-T.E.: Aurrekoa ikusi gabe bigarren partea bere osotasunean ulergarria izateko lan egin dugu. Aurrekoa ikusi baduzu, ordea, keinu batzuk hobeto ulertuko dituzu.

Etxebestetarren agurra da honakoa edo hemendik beste hamalau urtera hirugarren zati bat filmatzeko aukera ikusten duzue?

-T.E.: (Barre egiten dute). Nork daki. Titulua horrexegatik etorri zen, Agur Etxebeste! egingo dugu ea bakean uzten gaituzten. Gero, egia da, pelikulan gertatzen denarekin lotura daukala. Etorriko da? Agur hitzaren ondoren ez dakit zer beste hitz erabili dezakegun. Hemendik hamalau urtera, auskalo. Agian okurrituko zaigu besteren bat (barreak).

Zaila izan da aktoreak konbentzi-tzea bigarren film honetan parte hartzeko?

-T.E.: Gidoia idatzi baino lehen, laurengana jo genuen. Laurek baiezkoa botatzean hasi ginen idazten. Gero, istorioa aurrera zihoan heinean aurreko pelikulako pertsonairik ager-tzen bazen, aktorearekin kontaktuan jartzen ginen. Norbaitek ezezkoa esan izan balu, gidoia beste bat izango zatekeen. Aukera izan dugu gurekin Brinkolan ibili zen jendeari deitzeko.

Iban Garateren kasuan, denbora zeraman aktore lanetan ibili gabe. Beste ogibide batean dabil orain, berriemaile.

-T.E.: Iban beti ondo dabil, motzean beti dabil ondo (barreak).

-A.A.: Iban pelikulako kontrapuntua da. Pisua beste batzuek eramaten dute baina oreka bat sortzen du, publikoaren begirada gehitzen dio istorioari. Hori da bere funtzioa eta oso ondo egiten du. Iban beti izan da aktorea. Berak gozatu egin duela uste dut.

-T.E.: Ibanek egiten duen guztia ondo egiten du.

Kontrako galdera eginez, agian, zaila zena proiektu honi ezetz esatea zen.

-A.A.: Oso harrera ona izan zuen.

-T.E.: No puedo no estar, esan zuen norbaitek.

Filmak zuen aurreko lanei keinu egiten die.

-A.A.: Azkenekoz 2016an Iraila egiteko bildu ginen -Kalebegiak proiektuaren laburretako bat-. Gauza asko bizi izan ditugu elkarrekin: laburrak, Aupa Etxebeste!, Brinkola... Ez diogu lehenengo parteari keinu egin, gure filmografia osoari baizik.

Egungo ikuspegitik, ‘Aupa Etxebeste!’ euskal zinemagintzan inflexio puntu bat izan zela uste duzue?

-T.E: Ordura arte oso geldirik zegoen euskal zinema. Jaurlaritzak eta telebistak bat egin zuten lehen filma izan zen Aupa Etxebeste!, euskal zinema bultzatzeko asmoarekin. Ondoren etorri dira etorri direnak. Beti esaten dut suertea izan genuela. Garai horretan gidoi bat idatzita genuen baina pentsatzen genuen inoiz ez zela egingo.

-A.A.: Inflexio puntu asko daude. Aupa Etxebeste! bat izan zen, baina hau ere izango da. Euskal zinemagin-tzan egiten den lehen sekuela da. Egiten den euskal pelikula bakoitza inflexio puntu bat da. Handia ere beste bat da, ekoizpen aldetik ausarta izan da. Errementari euskaraz egindako generoko pelikula izan da. Aupa Etxebeste!-ren ondoren etorri ziren guztiekin industria txiki baina fidela sortu da. Teknikari pila batek hemen lana zutela sinistu zuten eta enpresak sortu ziren. Hor, adibidez, Txepe Larak zeresan handia izan du.

Zinemira saria jaso zuen atzoko galan.

-T.E.: Bera izan zen Aupa Etxebeste! bultzatu zuena.

-A.A.: Berarekin aurretik ofizio bat ikasi genuen, laburrak egiten, Helena Tabernaren lehen erdimetraia ekoiztu zuen? Hor hasi ginen pentsatzen hemen bazegoela industria sortzeko aukera. Hemen eten bat egon zen eta guztiak Madrilera joan behar izan genuen lanera; gaur egun teknikariek lana hemen egiteko aukera dute.