BILBO. Profesionalek eta adituek osatutako batzordeak, jaialdiko zuzendaritzarekin batera, foroan parte hartzeko proiektu onenak aukeratuko ditu, zortzi gehienez.

Aukeraketa horretan, batzordeak, proiektu bakoitzaren ideia, proposamen estetikoa eta produkzioaren bideragarritasun profesionala eta ekonomikoa hartuko ditu kontuan.

Horrez gain, proiektu bakoitzaren aurkezpen publikoaren aurretik tutoretza saio pertsonalizatua egongo da, sektoreko profesional batek abalatuta, eta irabazleak 10.000 euroko laguntza jasoko du.

Jaialdiak sektoreko profesionalak deituko ditu epaimahaiko kide izateko, zuzendariei eta ekoizleei aholkuak emateko, eta azaroaren 15ean, Arriaga Antzokian egingo den amaiera ekitaldian banatuko den 10.000 euroko laguntza duen saria emango du.

Aukeratutako proiektuek, gonbidatutako pertsonei eta jende guztiari zabalik egongo den pitching (proiektuen aurkezpena) saio batean hartuko dute parte batzordearen aurrean, eta ondoren aholkularitza bilera pertsonalak egingo dira ekoiztetxeen eta zinegileen eta partaideen artean.

ZINEBI Networking: dokumentalen sorgunea, euskal zinean indarra hartzen ari den sorkuntza sustatzera eta ikus-entzunezko ekoizpena garatzera zuzendutako ekintza da. Horretarako, foro honek gure industria egitura eta gure profesionalen prestakuntza dinamizatu gura ditu, eta baita elkarren arteko ezagutza, esperientzien trukaketa eta gure zine industriako eta bost kontinenteetako herrialdetako eragileen eta erakundeen arteko lankidetza ere.

Gure esparruan zine dokumental sortzaileak eta independenteak sortzeari eta aurrera eramateari laguntzeko eta Euskadiko eta nazioarteko ekoizpenaren artean sinergiak ezartzeko modua da. Horrela, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (Zinebi) foro hau jasoko du, talentu gaztea, dokumentalei buruzko ideiak eta proiektuak arrakastaz gauzatzeko moduari buruzko aholkularitza emango dieten profesionalekin eta adituekin harremanetan jartzeko aukera paregabe gisa.

KARTELA

Beste alde batetik, ZINEBIk bere 61. ediziorako kartela aukeratu du, Susana Blasco diseinugile grafiko, ilustratzaile eta collage egileak asmatua eta egindakoa. Lanak karga sinbolikoa du, eta ardatz nagusia kontzeptuzko egitura trinkoa da. ZINEBI 61erako egin duen diseinuan, artistak jaialdiaren irudi deigarria, oso indartsua eta zuzena eman gura du, aldi berean esanahi eta irakurketa desberdinez betea eta pertsona bakoitzaren interpretaziora zabalik. Begi handia da, eraikuntza-jolas edo buru-hausgarri gisa konposatua, bata bestearen gainean jartzen diren kuboekin.

Horrela, filmetan esanahia eraikitzeko dagoen elementu nagusia aipatzen da, hau da, ikus-entzule bakoitzaren begirada. Begirada horrek zine garaikidearen egungo panoraman duen izaera kaleidoskopikoa eta konplexutasuna ere aipatzen da, hori baita ZINEBIk urtero aurrera daraman lanaren lehengaia. Amaitzeko, jaialdiak, zineak herrialde guztietan dituen errealitateen arteko topaleku eta lotune kritiko gisa betetzen duen lekua ere bata bestearen gainean jarritako kubo horien bitartez dago irudikatuta, sariketaren programazioa osatzen duten film laburrek eta luzeek erakusten duten aniztasun infinitua adierazten duten bolumenak, mundu osoko zine areto ilunetan proiektoreak argitutako pantaila zuriak bezala argitutako kuboak.

Susana Blascok ia hogei urteko esperientzia du diseinugile grafiko gisa. Publizitatea eta Enpresa Zientziak ikasi zituen, eta zenbait arte eta diseinu ikastarorekin osatu zituen. Hamar urte baino gehiago egin zuen lan diseinugile grafiko eta arte zuzendari gisa. 2007an bere estudioa sortu zuen, eta prestakuntza atzerrian zabaltzeko beka bat jaso zuen. 2008an Londresera joan zen, eta bertan bizi izan zen 2011ra arte. Freelance gisa egin zituen lanak Central Saint Martin’s College of Art and Design ospetsuan egin zituen ikastaroekin uztartu zituen. Bere lana medio espezializatu askok azpimarratu dute, eta banakako eta taldeko erakusketetan hartu du parte Espainiako eta Estatu Batuetako, Portugalgo, Poloniako eta Esloveniako zenbait hiritan, besteak beste. 2017an Gràffica Saria jaso zuen, collage teknikari egindako ekarpenei esker.