BILBO. Booktuberboom lehiaketaren hirugarren edizioa martxan da. Parte hartzaileek, 14 eta 18 urte bitarteko gazteek, euskarazko liburu bat irakurri eta horri buruzko booktube bat sortu beharko dute. Parte hartzeko epea azaroaren 29an amaituko da. Lehiaketaren oinarriak hemen aurki daitezke.

Horrela, EAEko gaztetxoen artean ikus-entzunezkoen bidez irakurtzeko zaletasuna sustatzeko helburuarekin, eta mundu mailan sekulako arrakasta izan duen 'booktube' fenomenoa baliatuz, EAEko Liburutegi Zerbitzuak,Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Galtzagorri Elkarteak Booktuberboom egitasmoaren hirugarren edizioari ekin diote. Egitasmoaren helburua EAEko Booktuber Plataforma sortzea da, "Euskal Booktuber Komunitatearen lehen hazia landatzen hastea, hain zuzen", adierazi dute bere arduradunek.

Lehiaketaren hirugarren edizio honetan hainbat aurpegi ezagun animatu dira booktuberren azalean jarri eta haien gustuko liburuak gomendatzera, besteak beste, Zuriñe Hidalgo abeslari eta aurkezlea edota Mikel Pagadi aurkezle eta umorista. Gainera, lehiaketa sustatzeko booktuber topaketak antolatuko dira EAEko hainbat liburutegitan.

'Book' (liburua) eta 'tube' (Youtube) kontzeptuak lotzen dituen bideoa da booktube bat, hau da, Youtube plataforman jartzen den liburu bati buruzko kritika edo iruzkina, liburu baten irakurketa gomendatzeko norberak bere buruari egindako bideo grabazioa, alegia.

Parte hartzeko oinarriak eskuragarri daude booktuberboom.wordpress.com/lehiaketa/oinarriak/ blogean eta herrietako udal liburutegietan.