Bilbo - Antzinako, eliza eta barrokoko musika Ziortzako Kolejiatan izango da beste urtez batez; Ziortzako kontzertuak musika zikloaren XXXI.edizioa ospatuko baita asteburu honetan. Bihar eta etzi hasi eta datorren 21 eta 22an bukatuko da; Zenarruzako gune historikoan 18.00etatik aurrera ospatuko delarik.

Oraingoan, Asier Polo txelista izango da ziklo berezi hau irekitzearen arduraduna, antolatzaileek atzo adierazi zutenez, “munduko txelista onena ez bada, bost onenen artean dago”. Izan ere, musikari bilbotarra nazioartean dagoen biolontxelo-jo- tzaile nabarmenetako bat da, sari asko irabazi ditu eta gaur egun irakasle da Musikene Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegian eta baita Musika eta Arte Eszenikoen Fakultatean, Alfonso X el Sabio unibertsitatean ere, Madrilen. Aurreko edizioan, hogeita hamargarren urteurrenean abiatutako Bachen Suiteak bukatuko ditu, bihar azken hirurak interpretatuko dituelarik.

Horrenbestez, Asier Polo Ziortzako kolejiatan diska baten grabaketan ari dela azaldu zuen; eta bere musika instrumentuaren berezitasuna azpimarratu zuen ere Koldo Narbaiza programaren antolatzaileak: “Asier Polok 330 urte dituen biolon- tzeloa jotzen du, oso berezia da”.

Hurrengo egunean, igande honetan, organoaren txanda helduko da. Ainhoa Barredo bilbotarrarekin Andres Cea Galán organo-jotzailea izango da; aurreikusita ez bazegoen arren; azkenean Tomasz Adam Nowaken ordez izango da Zenarruzako gune historikoan.

Datorren asteburuari dagokionez, orkesta eta koruaren txanda izango da; izan ere larunbatean Bilboko Propitia-Sydera orkestra barrokoa egongo da Ziortzan, eta igandean berriz, Conductus Ensemble Musika elkartearen emanaldia eskainiko da ziklo berezi honetan.

Orkestak gainera, Alfredo Bernardini eta Pedro Gandia Martin izango dituzte lagun, lehenengoa oboe barrokoa jotzen aditua, eta nazioarteko orkestra garrantzitsuenetan izateaz gain, 100 diska baino gehiago grabatu ditu. Pedro Gandia Martin bilbotarra bere aldetik, ohikoa da biolinarekin kontzertu barrokoetan. Larunbateko kontzertu honetan Vivaldi, Bach edota Benedettoren piezak joko dira.

Azkenik, zikloarekin amaitzeko, Conductus Ensemble musika elkartea izango da Ziortzako kolejiatan, Andoni Sierra taldearen sortzaile eta zuzendariaren batutapean jarriko dira, Bachen piezak interpretatuz. Gainera, Sierrak atzo azaldu zuenez, zailtasun handiko emanaldia da, orain dela hamaika urte Donostiako musika emanaldian estreinatu zutena. Hala, Bachen moteteak eskainiko dituzte, estilo aldetik oso zailak direnak.

Taldeak 2002n sortu zenetik 150 kontzertu baina gehiago eskaini ditu, hala nola Madrilgo Auditorio Nazionalean, Bilboko Euskalduna Jauregian, Donostiako Kursaalean edota Toulusen. Horrenbestez, oraingo honetan musikariak programaren premia berezietara egokitu dira, eta errenazimendutik XX. mendeko musikara arteko errepertorioa egin dute; 50 ahots direla medio.

Ziortzako kontzertuak BBK, Gondra Barandiaran Fundazioa, Ziortza-Bolibarreko Udala, eta Ziortzako Kontzertuak Kultur Elkartearen babesarekin antolatu dira; horien arduradunak atzo programaren aurkezpenean izan zirelarik; eta baita parte-hartzaileetako batzuk; hala nola, Koldo Narbaiza, Gorka Martinez, Pedro Gandia, Andoni Iturbe, Guillermo Barandiaran eta Andoni Sierra. Hala, helburua “kolejiata bezalako Bizkaiko ondarea den hain leku berezian kulturari espazioa uztea” dela azpimarratu zuten.

Autobus zerbitzua Ohikoa denez, garraiobidea eskuragarri jarriko da Bilbotik Ziortzako kolejiatara autobusez zuzenean joateko. BBK-k jarritako zerbitzuaren prezioa 10 eurotakoa izango da; joan-etorria. Hala ere, lau egunetarako bonoa ere egongo da; honek 35 euroko prezioa izango duelarik. Irteera Elkano kaleko 5ean izango da, Txabarri Jauregiaren aurrean dagoen autobus geltokitik. 16.00etan irtengo dira egunero, eta tokiaren erreserbak posta elektronikoz (ziortzakokontzertuak@gmail.com) edo telefonoz (656 780 872) egin daitezke, eta erreserbak jasotzeko muga autobusa irten baino 15 minutu lehenago izango da.