Bilbo - Woody Allen zinemagile estatubatuarrak bihar hasiko du Donostian bere film berriaren grabaketa, Zinemaldian girotuta egongo dena.

Modu horrtan, filmatzeko plana abuztuaren 23ra arte luzatuko da, eta Gipuzkoako hiriburuko kanpoko eta barruko kokalekuak txandakatuko dituzte, eta baita Gipuzkoako beste leku batzuetan filmatzeko egunak ere, Udalak atzo azaldu zuenez. Hala, gaur arratsaldean zinemagile estatubatuarrak filmaketaren nondik norakoak azalduko ditu Donostiako Kursaalean, bere lantaldearekin batera eta onodren, Eneko Goia alkateak harrera egingo dio Udaletxean.

Hala, Mediapro Studio-k produzitutako filmak Donostiako Zinemaldiaz maitemintzen den bikote baten istorioa kontatuko du; Elena Anaya eta Christoph Waltz izango ditu protagonista, eta haiekin batera Louis Garrel, Gina Gershon, Sergi López eta Wally Shawn antzezleak arituko dira oraindik izenik ez duen pelikulan. Horrela, 43 egun iraungo duen filmaketa bihar hasiko da, Gipuzkoako hiriburuko hainbat kokalekutan, eta ekoizpen eta arte taldeak Boulevard, Alde Zaharra eta Cervantes plaza (Kontxa ondoan) inguruetan ariko dira.

Eragozpenak Horrenbestez, Donostiako hainbat gunetan eragozpenak egongo dira filmaketaren ondorioz, eragin handiena Boulevardean izango delarik; trafikoa erabat itxiko baita, 17:00etatik 20:00etara, Legazpi kalean. Gainera, egun osoan zehar, Boulevardean autobusek ezingo dute geldialdirik egin, ezta aparkatu ere ez. Autobusak inguruko kaleetara eramango dira. Bestalde, aparkalekuak ez du eraginik jasango eta sarrera zein irteerak bermatuta egongo dira.

Horrez gain, bestelako grabazio guneek hainbat aldizkako mozketak jasango dituzte. Hurrengo egunetan berriz, Gipuzkoako hiriburuko eragozpenak urriagoak izango dira, grabatzeko erabiliko dituzten kokalekuen ezaugarrien ondorioz. Bestalde, aldez aurretik jakinaraziko du Donostiako Udalak grabazio lanek zer aldaketa eragin dezaketen hiriko guneetako ohiko erabileran. - DEIA