BILBO. Basileako Antzokiko Balletak Arriagan izango dira maiatzaren 24an eta 25ean. Emanaldiak arratsaldeko 19:30ean hasiko dira.

Hainbat herrialdetako lehen mailako dantzariak biltzen dituen konpainia da Basileako, eta "oso desberdinak eta osagarriak diren" hiru koreografiak taularatuko ditu, antzoki bilbotarretik jakinarazi dutenez.

Londresen bizi den Hofesh Shechter koreografo israeldarraren "The fools" izango da konpainia suitzarrak aurkeztuko duen lehen lana, "itzalez betetako munduan bizirik irauteari buruzko dantza dardaragarriaren adibide argia". "Energiaz eta intentsitate handiz beteta" dagoen pieza da, eta "dantza indartsua eta oso erritmikoa" ditu.

Programako bigarren lana Jirí Pokorny koreografo txekiarrarena izango da: "Day 'without' night". "Kontrastez betetako munduaren eta polaritatearen funtsa" deskribatzeko, koreografiak Persiako mistizismoa eta poesia hartzen ditu inspirazio iturri. "Kontraesankortasunak tentsioa sortzen du eta hori, azken finean, harreman mota bat da. Gaua eta eguna kontrakoak dira, baina batak bestea behar du, eta kontraposizio hori oso pasarte oroitarazleen bitartez islatzen da", azaldu dute Arriagatik.

Bukatzeko, "This is everything" lana taularatuko du Basileako Antzokiko Balletak. Jatorriz Puerto Ricokoa den eta New Yorken bizi den Bryan Arias koreografoaren piezak "lasaitasuna erakusten eta intimitate zintzoa transmititzen du, benetan gu geu garen eta elkarren artean modu irekian, babes barik, komunikatzen garen une gutxi horiek bilatuz".

Basileako Antzokiko Balleta Europako dantza garaikideko talde garrantzitsuenetakoa da. Ballet klasikoaren eta dantza garaikidearen lengoaia menderatzen ditu, dantzaren estandar gorenak birtuosismoarekin eta adierazkortasun inspiratuarekin uztartuz. Richard Wherlock koreografo bikainak 18 urte baino gehiago daramatza taldea zuzentzen, eta munduko onenen artean jarri du, dantza neoklasikoan zein dantza garaikidean.