BILBO. 30 urtetik beherakoek Macbeth-en gaztelerazko bertsioaren entsegua doan ikusteko aukera izango dute. Dohainik joateko Arriaga Antzokia Facebooken, Twitterren edo Instagramen jarraitzea ezinbestekoa da sarrera, bat pertsonako, eskuratu ahal izateko.

Arriaga Antzokiaren denboraldi honetako antzerki-ekoizpen nagusia, zein eta Macbeth, jada taula gainean eskaintzen ari da bere euskarazko bertsioan (goizeko emanaldi bat falta da oraindik, bihar asteartean, otsailaren 12an, goizeko 11:00etan). Jarraian, Alex Gerediaga bilbotarrak egokitu eta zuzendu duen Shakespeareren maisu lan honen gaztelerazko bertsioa estreinatzeko unea heltzear dago. Izan ere, aste honetan bertan estreinatuko da, ostegunean, otsailaren 14ean arratsaldeko 19:30etan, eta igandera bitartean ikusi ahal izango dugu (emanaldi guztiak 19:30etan, igandekoa izan ezik, hori 19:00etan hasiko baita).

Estreinaldiaren aurreko egunean, asteazkenean alegia, otsailaren 13an, konpainiak antzezlanaren gaztelerazko bertsioaren Entsegu Orokorra burutuko du arratsaldeko zazpiretan (19:00). Arriaga Antzokiak hura baliatu nahi izan du ikusle gazteei, zehazki 30 urtetik beherakoei, opari berezi bat luzatzeko. Izan ere, “Macbeth Gaztea” ekimena gauzatuko da, aurretik beste ekoizpen batzuekin, hala nola L’Orfeo, War Requiem edota Johannes Passion lanekin, aurrera eramandako ekintza arrakastatsua errepikatuz. Ekimenaren helburua arte eszenikoen mundua gazteei hurbiltzea da eta, halaber, Arriaga Antzokiaren beraren eta gazteen arteko elkarrekintza sustatzea. Horrela, asteazkenean, otsailaren 13an, 19:00etan, egingo den Entsegu Orokorrera dohainik joateko aukera eskainiko zaie Arriaga Antzokia Facebooken, Twitterren edo Instagramen jarraitzen duten 30 urtetik beherakoei. Beraz, ikuskizun handiarekin gozatzeko aukera paregabea baliatu nahi duenak bi baldintza hauek baino ez ditu bete behar: 30 urtetik beherakoa izatea eta Arriaga Antzokiaren jarraitzailea izatea edo egitea bere Sare Sozialetan.

Doako sarrera lortzeko (pertsona bakoitzari bakarra emango zaio), interesatuta dagoena antzokiko txarteldegietara edo Informazio Bulegora joan beharko da, NAN erakutsi eta sare sozialetan Arriaga Antzokia jarraitzen duela frogatu. Sarrerak leku guztiak bete arte banatuko dira.

Gaurkotutako Macbeth

Alex Gerediaga bilbotarrak zuzentzen duen William Shakespeareren lan handiaren ikuspegi berritzaile eta harrigarri honen protagonistak Mikel Losada (Macbeth) eta Miren Gaztañaga (Lady Macbeth) dira. Haiekin bat egiten dute eszenatokian Kepa Alesso, Iñigo Aranbarri, Florentino Badiola, Arrate Etxeberria, Sandra Fdez. Aguirre, Na Gomes, Gabriel Ocina, Pako Revueltas, Leire Ucha eta Maria Urcelay.

Alex Gerediaga Macbeth-en istorioari leial izaten ahalegindu da, eszenako eta zineko kodeak erlazionatzean oinarritzen den bere ohiko sorkuntza ildoa traizionatu barik. Macbeth honen estetika zainduaz gain, irudimenez betetako ikus-entzunezko proiekzioak, argi joko liluragarriak eta antzezlanean oso pisu handia daukan eta soinu-banda osatuko duen Belako taldearen musika xarmagarria aipatu behar dira.