BILBO. Arriaga Antzokiak Macbeth antzezlanaren bertsio apurtzailea eszenaratuko du. Denbora gutxitan, Alex Gerediaga bilbotarrak zuzentzen du William Shakespeareren lanaren ikuspegi berritzaile eta harrigarriaren euskarazko estreinaldia dator Bilbora.
Protagonistak maila handiko bi antzezle izango dira, Mikel Losada (Macbeth) eta Miren Gaztañaga (Lady Macbeth). Emanaldiak otsailaren 7, 9, 10, 11 eta 12an izango dira. Estreinaldi ofiziala larunbatean, otsailaren 9an, izango da, arratsaldeko 19:30etan, otsailaren 7ko saioa goizean izango delako, 11:00etan, eta ikasleei zuzenduta, batez ere, 11koarekin eta 12koarekin gertatuko den bezala. Jende guztiari zuzenduta egongo den arratsaldeko beste emanaldia igandekoa, otsailaren 10ekoa, izango da, arratsaldeko 19:00etan.
Zuzendari bilbotarrak eta bere taldeak tragedia azkar, aztoragarri eta odoltsua eszenara eramateko erronkari egin diote aurre; gaztelaniazko estreinaldia egun batzuk geroago izango da, otsailaren 14tik 17ra (emanaldi guztiak 19:30etan, igandekoa, otsailaren 17koa, izan ezik, hori 19:00etan hasiko baita). Gerediaga Macbeth-en istorioari leial izaten ahalegindu da, eszenako eta zineko kodeak erlazionatzean oinarritzen den bere ohiko sorkuntza ildoa traizionatu barik. Horrela, antzezleei esker, ikus-entzuleek berehala ezagutuko dituzte obraren nondik norakoa eta pertsonaia klasikoak.
Baina, aldi berean, Macbeth horren estetika zaindua oso deigarria izango da, oso elementu indartsuak dituen eszenan jartze desberdinarekin, irudimenez betetako ikus-entzunezko proiekzioak, argi joko liluragarriak eta antzezlanean oso pisu handia daukan eta soinu-banda osatuko duen Belako taldearen musika xarmagarria, une batzuetan lehen planoan, beste batzuetan laguntzeko atmosfera gisa. Gainera, Arriaga Antzokiaren ekoizpen lan berri honek taldearen musikaren ukitu berriak aurkitzeko aukera emango die Mungiako bandaren jarraitzaileei. Are gehiago, Alex Gerediagak taldearen soinu eta abesti ez oso ezagunak, B aldeak, moldaketa desberdinak edo loop-ak jasoko dituzten grabazioak, erabiliko ditu. Horrela, Arriaga Antzokiak eskerrak eman gura dizkio Belako taldeari, bere musika egitasmo honen parte izateko prest egoteagatik.
Antzezpen potenteak
Argi dago Shakespeareren lan batek antzezpen lan bikainak eskatzen dituela, eta Macbeth lanak, Mikel Losada Macbeth gisa eta Miren Gaztañaga Lady Macbeth moduan ikusteko aukera emango digu, biak ere lan bikaina eginez. Protagonista biekin batera, antzezle talde paregabea egongo da: Kepa Alesso, Iñigo Aranbarri, Florentino Badiola, Arrate Etxeberria, Sandra Fdez. Aguirre, Na Gomes, Gabriel Ocina, Pako Revueltas, Leire Ucha eta Maria Urcelay. Horri dagokionez, Arriaga Antzokiak, berriro ere, bertako eszenaren alde egin duen apustua azpimarratu behar da, Macbeth hau bezain lan propio garrantzitsuak euskal artistekin, zuzendariekin eta taldeekin eginez.
Gainera, talde artistiko osoa eta antzezleak egiten ari diren esfortzu handia modu berezian baloratu behar da, Shakespeare euskaraz eta gaztelaniaz aldi berean prestatzeak zailtasun eta ahalegin handia eskatzen baitu.
Macbeth-i buruz
Macbeth, bere merituak direla eta, Shakespeareren tragedia handienetakoa da. Istorio zirraragarria osatzeko elementu guztiak ditu: aginterako neurririk gabeko nahia, gerrak, sorginkeriak, mamuak, engainuak, traizioak eta indarkeria asko. Emaztearen nahiak bultzatuta ahalik eta botere gehien lortzeko duen itxaropenak, ustez zintzoa den gizona tirano odolzale bilakatzen duela erakusten digu, eta gaiztakeria horrek paranoiara, zoramenera eta, ezinbestean, erabateko galbidera daramala.