Mende batez euskal kultura eta gizarterekin bat eginez
‘Hamaika amaren seme (alaba)’ obra Eusko Ikaskuntzaren mendeurrena ospatzeko sortu da Bihar Arriagan izango da 19:30tan
Bilbo - Hamaika amaren seme, dolorez aziak, eraman bearko ditu oraingo auziak...! Hala esaten du 1922an Resurrecion Maria de Azkuek bildutako kantak, geroago Lourdes Iriondok kantatutakoa. Izen bera hartu du Eusko Ikaskuntzak bere mendeurrena heltzean estreinatutako obra. 100 urte luzez euskararen alde egindako lana eta euskal gizarteak bizitako aldaketak lantzen dira Hamaika amaren seme (alaba) obran, Josemari Velez de Mendizabalek instituzioaren enkarguz egindakoa eta Doke An- tzerki Taldeak antzeztutakoa. Modu horretan, euskal mitologia, gerra karlista, gerra zibila? Eusko Ikaskuntzaren sorrera eta eboluzioarekin lotzen da biharArriagara helduko den obra eta otsailaren 2an Donostiako Victoria Eugenian eta 16an Gasteizeko Felix Petiten izango dena.
Hala ere, kantaren izenari “alaba” hitza txertatu zaio, “Eusko Ikaskun-tzak ez duelako generorik”, Vene Herrerok, obraren zuzendariak DEIAri azaltzen dionez.
Gainera, Herrerok adierazten duenez, Euskal Herriaren bilakaera historikoa azaltzen du obrak, Eusko Ikaskuntzak mende oso batean egindako lanarekin tartekatuz, eta “eszenetan banatuta egon arren orden kronologikoa jarraitzen duelarik”. Modu horretan, euskal mitologiatik hasiz gaur egunera arteko “bidaia” eramaten da aurrera antzezlanean, euskal instituzioa hiru pertsonaik ordezkatzen dutelarik.
Zuzendariaren hitzetan “euskal gizartea aldatzen joan den heinean Eusko Ikaskuntza ere eraldatzen joan da”. Horregatik, ordu beteko obra aurrera doan heinean hiru ipuin kontatzen dira, lehenengoa mitologiarekin lotutakoa, bigarrena Bernardo Atxagak sortutakoa gaur eguneko egoerarekin zerikusia daukana, eta azkenak, Mariasun Landak egindakoak, itxaropena du hizpide. Horrekin lotuta dago ere eszenografia, izan ere Iñigo Arregik hiru kolorez banatutako estalgarria egin du eszenatokian kokatzeko. Modu horretan, momentuoro agertzen dira hiru koloretako figurak. Alde batetik, iragana islatzeko kolore beltza erabiltzen da; kolore “gordina” gaur eguneko kolorea da, eta azkenik argiena denak etorkizuna islatzen du, itxaropenez betetako etorkizuna hain zuzen ere, Landak sortutako ipuinak bezalaxe.
Gainera, musikak ere berebiziko garrantzia du antzezlanean Herreroren arabera. Izan ere, Papargorri abesbatzak kantatzeaz gain giroa sortzen laguntzen du, eta “aire freskoa” ekartzen dute. Beste alde batetik, momentu bakoitzean ager- tzen diren kantek ere orden kronologikoa jarraitzen dute izan ere garai bakoitzean girotuta daude, epe bakoitza islatuz.
Ehun urtez lanean Asko izan dira Eusko Ikaskuntzak mende batean lortutako helburuak, Arantza Cuesta zuzendariak adierazten duenez: “hizkuntzaren babesa, sustapena eta bultzada” nagusitzen direlarik. Gainera, helburuetako batzuk “gazteen zeregin artistikoa sustatu eta euskara lantzea” izan dira hasieratik Cuestak DEIAri aitortzen dionez, horregatik antzezlan hau burutuz helburu horiek betetzeaz gain “era arin eta emozionantean, mende oso batetan Eusko Ikaskuntzak euskal gizartearekin eta lurraldearekin izan duen eta egun duen konpromiso eta lanaren laburpena” eraman dute aurrera.
Gainera, instituzioaren sorrera euskal kulturaren modernitatearekin lotu izan da beti, izan ere Cuestaren arabera: “Eusko Ikaskuntzaren papera funtsezkoa izan zen gure herriaren bilakaeran, maila kulturalean zein zientzia mailan, baita gizarte eta lurralde kohesioaren esparruei dagokionez”. Hala ere, haren lana ez da hemen bukatzen izan ere Euskal Herriak dituen kezka eta etorkizunerako erronka nagusiak aztertu eta ezagutza sustatzea da helburua zuzendariaren aburuz, horretarako “euskal gizartearen zerbitzura egoten jarraituz”.