BILBO. Tamara Gutiérrezen 'Galerna' antzezlana, Arriaga Antzokiak, Victoria Eugeniak eta Principal Antzokiak bultzatzen duten “Antzerkigintza berriak/Nuevas dramaturgias” programan aukeratu zen, eta horiei Pabellón6 batu zaie ere koproduktore bezala. Hemen otsailaren 1,8,9,15 eta 23an 20:00etan eta 3,10,17 eta 24an 19:00etan eskeiniko da.
Xabier Barrutia, Vene Herrero, Jon Ariño, Nahikari Rodríguez eta Yeray Vázquez dira Galerna lanaren bost antzezleak.
Arriaga Antzokiak 2019ko lehenengo erabateko estreinaldia jasoko du. Galerna izango da, Tamara Gutiérrez dramaturgo gaztearen antzezlana, “Antzerkigintza berriak/Nuevas dramaturgias” proiektutik sortua, bertan eszenaratzeko aukeratua izan baitzen. Orain, Ramón Barearen zuzendaritzapean, agertoki gainean errealitate bilakatzekotan dago. Datorren astean, asteartean, urtarrilaren 22an eta asteazkenean, 23an, estreinaldi nagusia izango dugu Arriagan.
Ekoizleak, Antz3rkiz izeneko proiektuan inplikatuta dauden Euskadiko hiru antzokiak dira, Arriaga Antzokia, Donostiako Victoria Eugenia Antzokia eta Vitoria-Gasteizko Principal Antzokia, hain zuzen ere. Oraingoan, hiru hauekin bat egin du Pabellón 6-ek. Han ari dira antzezlana prestatzen eta han ere antzeztuko dute Arriagako estreinaldia gertatu eta gutxira.
Galerna, Tamara Gutiérrez egile gaztearen ikuspegiaren eta zuzendaritzatik Ramón Barea beteranoak egiten duen ekarpen eszenikoaren arteko nahasketa ikusteko aukera bikaina da. Antzezle taldean ere gazteria eta beteranotasuna uztartzen dira, eta Xabier Barrutiak, Vene Herrerok, Jon Ariñok, Nahikari Rodríguezek eta Yeray Vázquezek osatzen dute. Eurak ematen diote bizia Galerna laneko familiari.
Familia
Izan ere, Galernak familia delako egitura sozial horri begiratzen dio. Kromoen album bateko kromo errepikatua da familiako tragedia. Munduaren hondamenaren irudikapena da familia eskala txikian. Tragedia berdinak errepikatzen dira familia guztietan. Baieztapen hori askotan eztabaidatu da eta zoragarriena da mundu guztiak dakiela. Hortxe gaude halere, kromoak bezala errepikatzen. Albuma osatzen duten kromo guztiak zein diren azalduko dizut. Kromo bilduma:1. Kromoa: Familia guztietan dago suizidioren bat.
2. Kromoa: Familia guztietan daude bi minbizi kasu.
3. Kromoa: Familia guztietan dago sexu abusuren bat.
4. Kromoa: Familia guztietan daude bi, ia hiru, alkohol arazo kasu.
5. Kromoa: Familia guztietan izan da eta ezkutatzen da etxeko indarkeria kasuren bat.
6. Kromoa: Familia guztietan dago baten bat dirua putetan xahutzen duena.
7. Kromoa: Familia guztietan dago homosexualen bat isilean.
8. Kromoa: Familia guztietan izaten dira gauzak inoiz ez jakitea hobe direnak.
Egileak esana
“Bere urtebetetze egunean, Tomasek Polaroid bat jasoko du eta familia-argazki bat ateratzen saiatuko da, errebelatzea lortuko ez duen argazkia. Testu hau 2016ko udan hasi zen nire buruan egituratzen, zoritxarreko urte hartan alegia, zeinetan hainbat ume eta neraberen suizidioak gertatu ziren. Testua, izugarrikeria kasu horien atzean izkutatzen den galderatik abiatzen dela uste dut, komunikabideek modurik errazenean erantzuten duten galdera. Antzezlan hau maitasuna, sentimendu hilkorra bihurtu zaien guztiei eskaini nahi diet”. Tamara Gutiérrez.Tamara Gutiérrezi buruz
Santander, 1993. Dramaturgo gazteak Valladoliden “aurkitu zuen” antzerkia, bertara joan baitzen ikastera 18 urte zituela. Ondoren Madrilen ikasi zuen, Unibertsitate Konplutensean Filosofian eta RESADen Dramaturgian graduatuz. Hainbat dramaturgo izan ditu irakasle, Itziar Pascual, Yolanda Pallín, Pedro Víllora edo Alberto Conejero, besteak beste. Horrez gain, María Velascorekin eta Alfredo Sanzolekin lankidetzan aritu da. Duela gutxi Egile gazteentzako Agustín González IX. Sariaren finalista izan zen, eta “Antzerkigintza Berriak/Nuevas Dramaturgias” proiekturako aukeratu zuten baita ere. Horri esker, bere Galerna testua eszenan ikusi ahal izango dugu orain.