BILBO. "Nuevas dramaturgias ? Antzerkigintza berriak” programak bere fruituak ematen jarraitzen du. Azkenekoa Kepa Errastiren "Erlauntza-El enjambre" da. Aipatutako programa horren epaimahaiak aukeratu ondoren, eszenaratu ahal izan da, eta orain Arriaga Antzokira helduko da, euskarazko (Erlauntza, asteartean, urtarrilaren 15ean) eta gaztelaniazko (El enjambre, asteazkenean, urtarrilaren 16an) bertsioetan. Ekoizleak, Antz3rkiz izeneko proiektuan inplikatuta dauden Euskadiko hiru antzokiak dira, Arriaga Antzokia, Donostiako Victoria Eugenia Antzokia eta Vitoria-Gasteizko Principal Antzokia, hain zuzen ere. Vaiven Produccionesek gauzatu du proposamena.
Erlauntza umorez eta zirraraz betetako antzezlana da. Landa-etxe batean haurtzaroko sei adiskide elkartuko dira, haietako baten despedida ospatzeko. Lehen mailako sei emakume antzezle, Naiara Arnedo, Itziar Atienza, Sara Cozar, Getari Etxegarai, Aitziber Garmendia eta Leire Ruiz, dira malkoak eta barrea baimenik eskatu barik nahasten diren komedia garratzaren protagonistak. Zuzendaritza eszenikoa Mireia Gabilondorena da, eta oso proposamen freskoa, zuzena, prestatu du.
Sinopsia
Haurtzaroko sei adiskide, guztiak ere neskak, Landa-etxe batean elkartuko dira, haietako baten despedida ospatzeko. Baina urteak ez dira alperrik pasatu, eta elkarren artean oraindik ere lotura indartsua dagoen arren, ezer ez da lehen bezala; ala bai?
Asteburu zoroa izan behar zena, behar baino gehiago zoratuko da; trapu zikinak, batak besteari inoiz esan gabeko gauzak, aitorpenak, alkohola, drogak eta erlauntza bat. Esaten denez, animalien erreinuan erleak dira ondoen komunikatzen direnak. Eta, dirudienez, dantza eginez komunikatzen dira?